Armagabetze nuklearrerako konpromisoak berritu dituzte AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Errusiak. Ia urtebete izango danegoziazioak hasi zituztela, eta kasik lau hilabete armagabetzearen gainean sinatutako azkena iraungi zela. Akordioa lortu dutela ofiziala da dagoeneko. Horren berri emanez egin zuen atzo Barack Obama presidente estatubatuarrak agerraldia: «Hitzak ekintza bihurtu ditugu». Egindakoaren garrantzia argitze aldera, halaber, «azken bi hamarkadetan armak kontrolatzeko hitzartu den akordio zabalena» dela esan zuen presidenteak. Datorren apirilaren 8an egingo dute ituna sinatzeko ekitaldi ofiziala, Pragan; han izango dira Obama eta Dmitri Medvedev Errusiako presidentea.
Hitzarmena indarrean sartzen denean, gehienez 1.550 buru nuklear izan ahalko dituzte AEBek eta Errusiak. Egun duten armategia %30 murriztea esan nahi du horrek. Ez da hartu beharko duten neurri bakarra izango, haatik; gehienez, izan ere, 800 bektore estrategiko izango dituzte. Distantzia handiko jaurtiketak egin ditzaketenak dira horiek, hala nolaurpeko edo bonbaketari estrategikoetatik kontinente batetik bestera misilak jaurtitzeko gai dira bektore estrategikoak.
Armagabetzea zaintzeko kontrol bide malguagoak ere jasotzen ditu hitzarmenak. Horrek eragin du, hain zuzen, azken momentuko buruhauste gehien. Besteak beste, kontrol bideetan ados jartzen ez zirelako atzeratu dira negoziazioak.
Lankidetza indartuz
«Segurtasun nazionalaren barruan, arma nuklearren mehatxuei aurre egiteak lehentasuna izan du niretzat; hala izan da kargua hartu nuenetik», adierazi du Obamak. Etorkizun hurbilean arma nuklear guztiak desagertzea ez du posible ikusten Washingtonek; hala ere, Errusiarekin lortutako akordioa bide horretan urrats garrantzitsua dela uste du. Baina ez hori bakarrik; nuklearren gainean lortutako adostasunak bi herrialdeen arteko lankidetza indartzeko balio duelakoan dago; Errusiak eta AEBek eskuz esku lan egin dezaketela iritzi dio presidente estatubatuarrak.
«AEBak eta Errusia elkarrekin modu eraginkorrean aritzen direnean, bi herrialdeei on egiten dieten urratsak egiten ditugu. Guri ez ezik, mundu osoaren garapenari eta segurtasunari mesede egiten diote halakoek». Hori izan da, hain zuzen, Medvedevek eta Obamak zabaldu nahi izan duten mezua. Eurak ados jarri izanak gainontzekoentzat adibide izanbehar duelakoan daude bi agintariak. «Armen ugaritzeari galga jarri behar diogu, eta gainontzeko herrialdeek dagozkien konpromisoak hartzen dituztela ziurtatuko dugu», adierazi du Obamak.
Obamak berria ofizial egin eta gutxira, Kremlinek ere hitz egin zuen atzo lortutakoaren inguruan. Medvedeven bozeramaile Natalia Timakovak hitz egin zuen Gobernuaren izenean: «Bi herrialdeen interesen arteko oreka agertzen du akordioak». Errusiaren ustez, helburu nagusia lortu dute: armategi nuklearren murrizketa parekidea hitzartzea, alegia. «Segurtasun orekatua eta banaezina bermatzen du. Eta akordioak Errusiaren eta AEBen konpromisoa berretsiko du, nazioarteko tratatuen arabera beren armategiak murriztekoa, hain zuzen».
Misilen aurkako ezkutua
Ban Ki-moonek esku zabalik hartu du akordioa, AEBei eta Errusiari egindakoa merezimenduz aitortuz. «Armagabetze nuklearrerako nazioartean egindako ahaleginen artean mugarri da», adierazi du NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak.
Bestalde, armagabetze nuklearrerako hitzarmenak misilen aurkako ezkutuari eragingo dion galdetuta, AEBetako Gobernuakargitu du ez dela halakorik gertatuko. Obamarekin batera egindako agerraldian azaldu zuen hori Robert Gates AEBetako Defentsa idazkariak: «Hitzartutakoak ez du murrizten misilen aurkako ezkutua». Gatesen arabera, ezkutuak ez ditu Errusia mehatxatzen; kontrara, Europa defendatzen duela argudiatu du.
Armagabetze nuklearrerako akordioa lortu dute Moskuk eta Washingtonek
Euren armategiak %30 murrizteko eta gehienez 1.550 buru nuklear izateko konpromisoa hartu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu