LIBANO

Armak uzteko prest da Hezbola, Israel Shebaako etxaldeetatik joaten bada

Italiako Atzerri ministroaren iritziz, milizia xiita «talde terrorista» da

Erredakzioa
2005eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Hezbola (Jainkoaren Alderdia) Libanoko milizia xiita prest legoke armak uztearen kontuaz hitz egiteko, Israelek oraingoz okupatzen dituen Shebaako etxaldeetatik alde egin ondoren. Libano, Israel eta Siriako mugetan kokatuta dagoen lur eremu hau okupatuta dago 1967tik. Egoerak bere horretan segitzen duen bitartean, Hezbolak iritzi dio Israelen aurkako erresistentzia armatua legezkoa dela.

«Hezbolaren armen gaiaz hitz egingo dugu Israelek Shebaatik alde egin ondoren, baldin eta, gainerat, Libanoren gerizapenerako aukera egoki bat planteatuta badago» iritzi zion Libanoko alderdi eta milizia armatu xiitako idazkari nagusiorde Naim Kassemek, The Financial Times egunkarian atzo agertutako elkarrizketa batean. Hezbolako goi agintariarentzat, «aukera egoki» hauetatik bat izan daiteke milizia xiita Libanoko Armadako erreserba indar bat bilakatzea. «Honek ez du esan nahi erresistentzia Armadaren zati bihurtzen denik, baizik eta, bata eta bestearen arteko koordinaziorako moldaera bat izan daitekeela» gaineratu zuen Kassemek. Libanoko gerra zibila (1975-1990) amaitzeko akordioan, Hezbola izan zen armak atxikitzeko eskubidea lortu zuen talde bakarrak, batik-bat garai hartan Libano hegoaldea Israelen okupaziopean jarraitzen zuelakotz. Alabaina, Washingtonen eta Parisen ekimenez, Nazio Batuen ErakundekoSegurtasun Kontseiluak 2004eko urrian onartu zuen 1.559. ebazpenak, exijitzen zuen, alde batetik, Siriako soldaduek eta zerbitzu sekretuek ospa egin zezaten Libanotik, baina, bestetik ere, herrialdeko milizia armatuak desantolatuta izan zitezen. Nazioarteko komunitatearen exijentzia hau areagotu egin zen, Rafik Hariri Libanoko lehen ministro ohia atentatu batean hil zutelarik, joan den otsailaren 14an.

Indar erakustaldi nabaria

Hilketa honek, Siriako Armadaren alde egitea exijitzen zutenehun milaka libanoar kalera jaitsiarazi zituen. Alabaina, Damaskoko agintearen aspaldikoaliatua den Hezbolak berak ere milioi bat manifestari bildu zituen joan den hilabetean Beiruten. Bere indarraren eta Libanoko gizartearen zati batean daukan eraginaren erakustaldi honen ostean, Libanoko oposizio indar batzuek onargarritzat jo zuten Hezbolak armak eduki ditzan Israel Shebaako etxaldeetan geratzen den bitartean. Beste zenbaitek, ostera, milizia xiitaren desarmatzearen inguruko eztabaida oraintxe abian jarri dadin nahi dute.

Israelgo Atzerri ministro Silvan Shalomi Erroman harrera egin ziolarik atzo, Italiako Atzerri ministro Gianfranco Finiren iritzian, nolanahi ere, Hezbola «erakunde terrorista» da. «Italiak irmo eta tinko bat egiten du Hezbola erakunde terrorista bat dela esaten dutenekin; gauzak horrela, ezinezkoa da esateabaduela, alde batetik, adar moderatu bat eta, bestetik, adar estremista bat» adierazi zuen Finik. «Hortaz jarraitu zuen Italiako diplomaziako buruak, Italiako Gobernuak finki jarraituko du NBEko 1.559 ebazpena gauzatuta izan dadin exijitzen, honetan, hain zuzen ere, Hezbolako milizia armatuen desegitea argiki azalduta dagoelarik».Hitz hauekin, Israel sostengua berresteaz gain,Frantziaren jarrera zuen zeiharka kritikatu Finik. Parisen iritzian, gaur egun ezin da esan Hezbola erakunde terrorista denik. Frantziako gobernuari dagokionez hain zuzen, Parisek txalotu zuen atzo NBEko Segurtasun Kontseiluak Rafik Haririren hilketaz nazioarteko ikerketa bat bideratzeko ebazpen bat onartzea. Ostegunean onartutako ebazpen honek hiru hilabeteko epea ematen dio ikerketa batzordeari bere lana egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.