Armen araberako batasuna

Gaddafi hilda, haren aurkako miliziak kontrolatzea da Trantsiziorako Kontseilu Nazionalaren helburua, indarkeriaren monopolioa eskuratzeko.

mikel rodriguez
2011ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Gure lehentasunak dira armak karriketatik erretiratzea, egonkortasuna berrezartzea eta adiskidetze prozesua hastea», adierazi zuen atzo Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko lehen ministro Mahmud Jibrilek. Kaleko protestak nahikoa ez, eta ia zortzi hilabeteko gerra zibila beharrezkoa izan dute Muammar Gaddafiren aurkariek hura boteretik kentzeko. Aitzineko buruzagiarekiko leialtasuna alde batera utzi zuten militarrek, baina, batez ere, borrokan esperientziarik ez zuten milizianoek hartu zituzten armak. Talde anitz eta era anitzetakoak eratu dira Libian; horregatik, estatu berria eraikitzeko, indarkeriaren monopolioa eskuratu nahi du lehenbailehen Kontseilu Nazionalak.

Gaddafiren erregimenean alderdien, eragile sozialen edo bertzelako mugimendu egituratuen presentzia hagitz eskasa zen. Gerra zibilean elkar hartuta hainbat sektore ibili dira borrokan. Publikoki ezagunenak egin dira Gaddafiren erregimeneko kide izandakoak, eta erbestean bizi ziren oposizioko kideak. Horiei batu zitzaizkien islamistak —Libian bertan egituratutako mugimendu politiko nagusia—, mendebaldeko berbereak, buruzagi tribalak eta hiriz hiri eratutako miliziak. Trantsiziorako Kontseilu Nazionalaren aterkipean elkartu ziren, baina benetan elkartzen zituen uztarria etsai komuna zen.

«Mendebaldeko aire indarren esku hartzearen ondorioz, matxinoek ez dute indar bakar gisa borrokatu behar izan», adierazi du Tarak Barkaui Cambridgeko Unibertsitateko Nazioarteko Ikerketen Zentroko irakasleak Al Jazeeran argitaratutako artikuluan. «Horregatik, ez dago herrialdea kontrolpean hartuko duen armadarik». Barkauiren iritziz, egoera berria hauskorra izan liteke. «Matxino talde garaileek koadro esperientziadunak eratuko dituzte haien herrietako milizietan. Oztopo anitz daude gainditzeko, etorkizunerako ikuspegi anitzen arteko lehia dago, eta prozesu politikoak tokian tokiko interesak asebete ezean, armetara itzultzeko aukera dago».

Estatu federala

Milizien arteko interesen talka Kontseilu Nazionaleko buruen kezka nagusietakoa da orain. Tokian tokiko indarren interesak asebetetzeko, Larbi Sadiki Ekialde Hurbileko politika adituak eredu federala ezartzea proposatu du, «tribuak eta eskualdeak indartzeko helburuz». Era berean, Kontseilu Nazionalaren erronka izanen da miliziak Gaddafiren aldekotzat dituzten herritarrei jazartzeari uztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.