IRLANDA

Armen argazkiak eskatu izana «arrazoizkoa» dela esan du Ahernek

Erredakzioa
2004ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Bertie Ahern Irlandako lehen ministroaren arabera, IRAren armen argazkia eskatu izana «arrazoizkoa» da. Irlandako Legebiltzarraren aurrean egin zituen adierazpenok gobernuburuak.

Herenegun, DUP Alderdi Demokratiko Unionistako buru Ian Paisleyk Irlandako Gobernuarekiko harremanak bertan behera utziko zituela ohartarazi zuen, Ahernen adierazpenen ondoren. IRAren armen inguruko argazkiak eskuratzea «ezinezkoa» zela esan zuen orduan lehen ministroak. Atzo, baina, zera esan zuen: «Proposamena justua eta arrazoizkoa da. Hala ere, ulertzekoa da eskaera hori betetzea zaila izatea».

«Ondorio larriak»

IRAk desarmearen argazkirik argitaratu nahi ez izateak «ondorio larriak» ekar ditzakeela esan zuen atzo Ian Paisley DUPeko buruak. Haren esanetan, desarmeak argia izan behar du, eta, horretarako, ezinbestekotzat jo zuen argazkiak ateratzea, egiaztatzeko moduan.

Paul Murphy Erresuma Batuko Ipar Irlandarako Estatu idazkariarekin eta Dermot Ahern Irlandako Atzerri ministroarekin bildu zen Paisley, Hillsborougheko gazteluan. Bileraren ostean, desarmea «ikusi» egin behar zela nabarmendu zuen: «IRAk baldintzak betetzen ez baditu, akordioaren beste puntu batzuk ere arriskuan jarriko ditu».Bi gobernuak desarmearen alde daudela adierazi zuen Murphyk. Baina prozesua gardentasunez egin behar zela gaineratu zuen eta horretarako baliabideak behar zirela. «Armak suntsitu ezean, ez da akordio politikorik izango, desarmea martxan egon arren», adierazi zuen. Joan zen astean lekuko independenteek IRAren desarmearen argazkiak ateratzea proposatu zuen DUPek. Alderdiaren arabera, argazkiak batzorde independente bateko kideek atera behar dituzte, prozesua «agerikoa» izan dadin. Sinn Fein alderdi errepublikanoaren ustez, proposamena iraingarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.