"Zergatik da Obama presidentea hain eszeptikoa eskoletan segurtasun armatua jartzearekin? Bere haurrentzat egokia da, baina gureentzat ez? Guk ere segurtasuna nahi dugu". Hitz horiekin abiatu du RNA AEBetako Erriflearen Erakunde Nazionalak Barack Obama AEBetako presidenteak armen erabilera zorrozteko eginiko proposamenen aurkako kanpaina. Bideo bat plazaratu du RNAk Obamaren neurrien aurka. Presidentearen haurren eskolan segurtasun armatua dutela-eta, Obama "elitista hipokrita" bat dela uste du RNAk.
Connecticuten gazte batek hainbat ume hil izanak mahai gainean jarri du berriz armei buruzko auzia, eta ezbehar haren ondotik etorri dira Obamaren neurriak. Datuen kontrolari buruzko neurriak dira Obamak hartuko dituenak. Agentzia federalei datuak ematea izango da bat, aurrekarien datuen sistema federala indartzeko, eta estatuen artean informazioa partekatzeko moduak sustatuko ditu. Justizia Departamentuak armak erabili ezin dituzten herritarren informazioa berriz aztertuko du, eta aurrekariak dituztenen datuak baieztatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu.
Erasorako armei buruzko neurriak ere eskatu ditu, nahiz eta haien debekua onartzea gaur-gaurkoz ezinezkoa den, kontra dituen errepublikanoen, demokrata kontserbadoreen, NRA eta gisako erakundeen eta herritar askoren presioarengatik.
Eskoletako segurtasunaren edota buruko gaixotasuna dutenen jarraipenarentzat ere lege federala izango da; heziketarako planak ere bideratuko ditu, eta kanpaina nazional handi bat ere zabalduko du armak arduratsu erabiltzeko eskatuz.