Itxi gabeko zauria da Armeniaren eta Azerbaijanen arteko muga, aldian-aldian berriz ere odolusten dena. Herenegundik tentsioak gora egin du berriz ere bi herrialdeen artean. Bakuk kontatu du armeniarrak bere lurretan sartzen ahalegindu direla, eta tiroka lortu dutela horiek kanporatzea. Elmar Mamediarov Azerbaijango Defentsa ministroak salatu duenez, liskarretan bost soldadu galdu dituzte, horietako lau erasoaldi bakar batean, eta beste bat aparteko eraso batean. Ez du gertatutakoaren xehetasun gehiago eman. Armeniako Defentsa ministroak emandako bertsioa, ordea, guztiz bestelakoa da, erasoa egiten lehena 25 laguneko talde azerbaijandarra izan dela esan baitu.
Azerbaijango bost soldadu hil egin direla onartu du Erevanek, baina errua Bakurena dela dio. «Taldeko gainontzeko kideek ihes egin dute, euren zaurituak eta hildakoak eramanez. Armeniak ez du zauriturik izan». Azerbaijanek, ordea, adierazi du Armeniako hainbat soldadu hil direla, zenbat argitu ez duen arren.
Gatazka, baina, herenegun piztu zen, eraso batean Armeniako hiru soldadu hil eta beste sei zauritu zirenean, Berdavan eta Chinar herrietatik gertu, Tavush eskualdean. Erevanek Bakuri bota dio errua, eta hark, berriz, ukatu egin du Armeniako soldadurik hil duela.
Clintonen bisita
Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak eskualdera egin duen bisitarekin batera egin du gora bi herrialdeen arteko tentsioak. «Oso kezkatuta nago gertakari hauekin, eta gatazkako alde guztiei, eragile guztiei, indarkeriarik ez erabiltzeko eskatzen diet», esan zuen astelehenean Clintonek Armenian, herrialdeko presidente Serzh Sargsianekin bildu ondoren. Izan ere, gatazka hazi eta lehertu egin daitekeela ohartarazi du, eta horrek «eskualdean guztientzat ondorio tragikoak» ekarriko lituzkeela gaineratu du AEBetako Estatu idazkariak.
«Indarkeriaren bitartez ez da konponduko Karabakh Garaiko gatazka», esan du Clintonek, bi aldeei negoziatzera esertzeko eskatuz. Bakuk eta Erevanek jakinarazi dute hilaren 18an Minskeko Taldeak —ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeak Kaukasoko gatazka konpontzeko eratutako negoziazio taldeak— Parisen egingo duen bilerara joango direla. Baina azken egunetako gertakariek ez dute baikortasunerako tarte handirik uzten. «Zoritxarrez, ezin esan dezakegu gatazka amaitu denik. Beti jakin dugu gau bakar batean ezin dela gatazka konpondu», adierazi du Mamediarovek. Are gehiago, Bakuk adierazi du negoziazioek aurrera egiten ez badute ez duela aukerarik baztertuko Armeniarekin 90eko hamarkadan izandako gerran galdutako lurrak berreskuratzeko.
Bihar Bakura joango da Clinton, eta berotuta dagoen giroa baretzen ahaleginduko da. Bi herrialdeen artean gatazka pizteak izango lituzkeen ondorio larriez ohartarazi ondoren, nazioarteko herrialdeei presio egingo diela esan du AEBetako Estatu idazkariak, bitartekari gisa aritu daitezen. Frantzia eta Errusia aipatu ditu Clintonek.
Aspaldiko gatazka
Karabakh Garaiaren auziak aspaldi etsaitu zituen Azerbaijan eta Armenia. 1988an eskualdea Armeniako errepublikako zati izatea eskatu zuten —Sobietar Batasunaren barruan zeuden orduan— herritar gehienak armeniarrak baitira Karabakh Garaian. Sobietar Batasunaren desegitearekin batera hasi zen gatazka, eta 1994an amaitu zen gerraren ondorioz. Azerbaijan barruan Karabakh Garaiko Errepublika sortu zuten, hau da, armeniarrek kudeatutako herrialde ia burujabea. 30.000 hildako eragin zituen gatazkak, eta kasik milioi bat lagunen ihesa.
Armenia lurraldearen independentziaren alde dago, baina Azerbaijanek ez du armeniar biztanleen gehiengoa duen eskualdearen burujabetza onartzen. Autonomia zabala ematea eskaini du soilik, Armeniak eskualdean duen agintea uzteko baldintzarekin.
Armeniak Azerbaijango bost soldadu tiroka hil dituela salatu du Bakuk
Erevanek salaketak ukatu ditu; herenegun Armeniako hiru soldadu hil zituzten bi herrien arteko mugan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu