Armeniako behin-behineko lehen ministroak ez du bildu nahi oposizioko liderrarekin

Karen Karapetianek uko egin dio bilerari, argudiatuz Nikol Paxinianek bere agenda propioa inposatu nahi duela. Protestak ez dira eten

Igor Susaeta.
2018ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Krisi politikoa dute Armenian azkeneko bi asteotan. Serzh Sarkisian lehen ministroa zenak joan den astelehenean dimititu zuen, Nikol Paxinian oposizioko liderrak hauspotutako kaleko protesten presioaren eraginez, eta datorren asteartean dira haren ordezkoa aukeratzekoak parlamentuan. Bien bitartean, protestek aurrera jarraitzen dute, eta Karen Karapetian behin-behineko lehen ministroak uko egin dio Paxinianek proposatutako bakarkako bilerari, oposizioko liderraren asmoa bere agenda propioa inposatzea baita, Karapetianen esanetan.

Paxinianek herenegun proposatu zuen bilera, eta baldintza batzuk jarri zituen: «Negoziatzeko prest gaude, baina gure agendari buruzko kontuez soilik. Hori bai, prentsaren aurrean egin behar da bilera. Ez dugu ateak itxita negoziatuko; soilik herriaren aurrean», nabarmendu zuen oposizioko buruak. Lehen ministroak ez ditu onartu baldintza horiek, eta eskatu dio Armen Sarkisianek proposatutakora mugatu dadila. Izan ere, irtenbide bateratu bat bilatzen ahalegintzeko deia egin du presidenteak.

Paxinianek askotan esan duenez, herrialdean «nagusi» den «sistema ustela» bukatzea dute helburu protestek. Lehen ministroak dimisioa eman zuenean, onartu zuen manifestarien liderra, Paxinian alegia, «zuzen» zegoela. Sarkisianek presidente gisa agindu du 2008tik, baina 2015ean konstituzioa erreformatu zuten, errepublika parlamentario bihurtu eta boterea lehen ministroari igortzeko. Dimisioa eman baino lehen hautatu zuten lehen ministro, hilaren 17an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.