Serge Sarkissian lehen ministroaren eta Levon Ter Petrossian presidente ohiaren artean hautatuko dute gaur armeniarrek, presidentetzarako hauteskundeetan. Inkestek hala diote behintzat, eta bietatik Sarkissianek omen du irabazteko aukera gehien. Karabakh Garaiko auzia da, adituen arabera, hauteskundeen giltzarri nagusia.
1988-1994. urteetan, Armeniaren eta Azerbaijanen arteko gerraren ondorioz, Azerbaijan barruan Karabakh Garaiko Errepublika sortu zen, hau da, armeniarrek kudeatutako herrialde ia burujabea. Bozetako bi aurkari nagusiek jokabide ezberdina izan zuten, 30.000 hildako baino gehiago eta milioi bat desplazatu eragin zituen gatazkaren inguruan. Sarkissian Karabahk Garaikoa da, agintea utziko duen Robert Kotcharian presidentea bezala, eta Armeniak irabazi zuen gerrako heroia da.
Bestalde, Petrossian gerra ostean presidente karguan zen, eta dimisioa ematera behartu zuten 1998. urtean Azerbaijanen eskaeren aurrean amore ematen zuela leporatzen baitzioten. Karabakh Garaiaren independentziaren aldekoa da Armenia, baina Azerbaijanek ez du bere burujabetza onartzen. Errusia, AEB eta Frantziarekin bitartekaritzarekin egin dituzten negoziazioetan autonomia zabala ematea eskaini du, Armeniak herrialdean duen agintea uzten badu. Kosovoren independentzia eskaerak Karabakh Garaiaren auzian bien harremanak gaiztotuko dituen beldur dira adituak.
Sarkissian zurrunagoa da gatazkaren inguruan, eta lehen itzulian bertan irabaziko balu, kaleetan indarkeria piztu daitekeen beldur dira atzerriko begiraleak.
Gizarte Zibila Erakundeko presidente Artak Kirakosianen arabera, bi faboritoen hauteskunde programan ez dago ezberdintasunik, nortasunen arteko gatazka da.«Ez dago hitz bakarra ere, adibidez, NATOri edo Europako Batasunari buruzko harremanen inguruan».
Nahiz eta etengabeko hazkunde ekonomikoa duen, Armeniako herritarren laurdena pobrezian bizi da, herrialdean dagoen ustelkeria handiaren erruz. AEBetan Armeniako diaspora zabala dago, eta laguntza eskerga bidaltzen dio herrialdeak armeniarrei. Halaber, Errusia Armeniarentzat aliatu ezinbestekoa da, eta lotura areagotzea hobetsi du Sarkissianek.
Armeniarrek presidente berria hautatuko dute gaur Karabakh Garaiko auziak baldintzatuta
Sarkissian lehen ministroa bozak irabazteko faborito nagusia da, Petrossian presidente ohiaren aurretik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu