Armeniako genozidioa

Armeniarren aurkako genozidioa ukatzea delitua izango da Frantzian

Turkiako Gobernuak neurria kritikatu du, eta Frantziarekiko harreman politikoak eta militarrak bertan behera utzi ditu45.000 euro arteko isunak eta urtebeteko espetxe zigorra jasotzen ditu legeak

2011ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Otomandar Inperioak 1915etik aurrera armeniarren aurka egindako genozidioa ukatzea zigortzen duen lege proposamen bat onartu dute Frantziako Asanblea Nazionalean, gehiengo handiarekin. Testuak Senatuko bozketan aurrera egiten badu, 45.000 euro arteko isunak eta urtebete bitarteko espetxe zigorra ezarriko dizkiete armeniar kristauen kontrakoa giza sarraskia izan zela onartzen ez dutenei. Bigarren Mundu Gerran juduen aurka naziek eginiko holokaustoa ukatzearen pare jarri dute, hain justu. Erabakiak Turkiaren haserrea eragin du, eta Frantziarekiko harreman politikoak eta militarrak bertan behera uztea erabaki du Recep Tayyip Erdoganen gobernuak.

Haserre agertu da Turkiako lehen ministroa kameren aurrean, eta legea «bidegabea eta arrazista» dela adierazi du. Herrialdearekiko «etsaikeria keinua» izan dela ere salatu du. Izan ere, armeniarren aurkako jazarpenaren ikerketa historialariei dagokiela defendatzen du, eta ez politikariei. «Uste nuen Frantzian adierazpen askatasuna zegoela, baina ez, ez dago», adierazi du, sututa. Erdoganek, 1915etik aurrera 500.000 armeniar hil zituztela aitortzen badu ere, horiek Lehen Mundu Gerrako borrokaldien biktima izan zirela dio, eta ez zirela gobernuak horiek desagerrarazteko aurrez prestaturiko plan baten ondorioz hil. Alde batek eta besteak ematen dituzten datuen dantza izugarria da, baina historialariek diote Inperio Otomandarreko agintariek 1.500.000 kristau armeniar inguru hil zituztela.

«Frantziarrek euren historia zikin eta odoltsua azter dezatela», esan zuen Erdoganek, Frantziak lege proposamena Legebiltzarrean bozkatuko zuela iragarri zuenean. Lehen ministroaren mehatxuak kasketaldi baten ondorio zirela uste zuen Parisek hasiera batean, eta ez zituzten serio hartu. 2001ean, Otomandar Inperioak armeniarren aurka eginiko jazarpena legez genozidioa zela onartu zutenean ere merkataritza harremanak eteteko mehatxua egin zion Ankarak Parisi. Baina orduan ez zen ezer gertatu, eta aste gutxira egoera baretu egin zen. Oraingoan ere hala izango zelakoan ziren Frantziako agintariak.

Atzo, ordea, neurri gogorrak iragarri zituen Erdoganek Frantziaren aurka. «Harreman politiko guztiak bertan behera utzi ditugu, besteak beste, hezkuntza proiektuak, seminarioak eta ikastaroak». Aurkakoa esan bitartean, ekintza militar bateratuak ere amaitu egin direla jakinarazi du. Ankarak Parisen duen enbaxadoreari, bestalde, Turkiara itzultzeko eskatu dio lehen ministroak. Azken horrek Asanblea Nazionalean hartu duten erabakiak ondorioak izango dituela ohartarazi du, eta noiz itzuliko den ez dakiela dio. Alain Juppe Frantziako atzerri ministroak, berriz, Turkiak erreakzio esajeratua izan duela uste du.

Armeniak, bestalde, Parisen ekimena txalotu du. «Giza eskubideen sorlekua dela baieztatu du Frantziak, eta beste behin gizateriaren aldeko baloreekiko zintzotasuna agerian utzi du», adierazi du Eduard Nalbandian Armeniako Atzerri ministroak.

UMPren proposamena

Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearen UMP Herri Mugimenduaren Batasuna alderdiak eraman du lege proposamena Legebiltzarrera. Izan ere, Sarkozyk Armeniara eginiko bisita batean hitz eman zuen genozidioa ukatzea zigortuko zuela. Legebiltzarreko alderdi guztiek bat egin dute neurriarekin, nahiz eta hainbat diputatuk aurka bozkatu duten. Horietako batzuk 2012ko presidentetzarako bozetara begira harturiko neurria izan dela salatu dute, hain justu.

Asanblea Nazionalaren egoitzaren kanpoaldean berriz, Turkiaren aldeko milaka manifestari bildu dira. Frantziako eta Turkiako banderak astinduz historia eta politika ez nahasteko oihuka aritu dira. Poliziek gertutik zaindu dituzte protestak, baina ez da liskarrik piztu.

Gaur egun 500.000 armeniar inguru bizi dira Frantzian, genozidioaren garaian herrialdeak ateak ireki baitzizkienInperio Otomandarraren errepresiotik ihesi joan ziren herritarrei. Eragin handiko taldea da, eta armeniarren kontrako giza sarraskia holokaustoaren pare jartzeko presio egin dute azken urteotan. Genozidioa onartzeaz gain, hura ukatzea eta iraintzea zigortzea beharrezkotzat jotzen dute.

2006an, hain justu, oposizioan zen PS Alderdi Sozialistak proposamen bera eraman zuen Legebiltzarrera. Aldeko 106 boto eta kontrako 19 jaso bazituen ere, diputatuen gehiengoa bozketaren unean ganberan ez zegoenez proiektuak ez zuen aurrera egin.

Harreman gatazkatsua

Ankarak Parisi eman dion erantzunak, betidanik gatazkatsua izan den harremanaren konplexutasuna agerian utzi du. EB Europako Batasunerako sarbidea eta genozidioa izan dira, hain zuzen, bi herrialdeen arteko harremana pozoitu dutenak. Izan ere, Paris izan da urteetan Turkiari amets europarra betetzea galarazi diona, Alemaniarekin eta Austriarekin batera.

«Beti egon naiz Turkia batasunean sartzearen kontra», esan zuen Sarkozyk 2009an. EBn Turkia sartzeko bozketa egin beharko balute, gainera, legez erreferenduma egitera behartuta dago Frantziako Gobernua. Horretarako UMPk Legebiltzarrera eraman zuen proposamena onartu baitzuten 2008an, Jaques Chirac presidente ohiaren nahia betez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.