Armeniarren genozida, tabu

Turkiaren oinarria izan zen Otomandar Inperioak armeniarren aurka genozidioa egin zuela onartu gabe segitzen du Ankarak; auzia tabu da, eta zigor eta hilketa eragile

2007ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Beste hamaika herri bezala, armeniarrak munduan barrena sakabanatuta daude gaur egun. Batzuek arrazoi ekonomikoengatik emigratu zutelako, baina beste askok jazarpen militarrari ihesi joan zirelako. Hain justu, Otomandar Inperioa 1915 eta 1917 artean bere agintepeko lurraldeetan bizi ziren armeniarren kontra ekin zuenean ihes egin edota Siriara deportatutakoak eta hauen ondorengoak dira barreiatutako besteak. Urte horietan 1.500.000 zibil armeniar hil zituzten tropa otomandarrek, Anatolian bertan, edota erbesterako bidean. Otomandar Inperioaren lekukoa -estatu eta lurralde antolakuntzan- Turkiak hartu zuen, baina honek uko egiten dio genozidioa izan zela onartzeari.

Bere artikulu eta idazlanetan bere herriaren kontrako genozidioa salatu zuen Hrant Dink kazetari eta idazle armeniarra hil zuten joan den ostiralean Istanbulen. Malatyan (Anatoliako ekialdea) jaiotako kazetaria «Turkiaren izaera iraintzeagatik» zigortu zuten epaile turkiarrek 2005eko urrian. Sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten, bete beharrik izan gabe.

Bitartean, ustez Dinken hiltzailea den Ogun Samast eta hilketa ustez antolatu zuen Yasin Hayalen askapena eskatzeko bonba-fardel faltsu bat jarri zuen atzo TIT Mendekurako Brigada Turkiarra eskuin muturreko taldeak, Ankarako legebiltzarraren aurrean. Biak joan den astean atxilotu zituen Poliziak, eta atzo fardel hori modu kontrolatuan leherrarazi zuen.

Hil baino sei hilabete lehenago iragana onartzeko beharraz mintzatu zen Dink: «Ia mende bat igaro da genozidio armeniarretik, eta gertatutakoaz hitz egiteko beldurra dago oraindik. Gure iragana onartu gabe ezingo gara inoiz orainaldian bizi».

Turkiak genozidioa elkarrekin ikertzeko eskatu izan dio Armeniako Gobernuari, baina kexatu da honek oraindik ez diolako eskaera horri erantzun.

Dink hil zuten egunean Turkiako lehen ministro Tayyip Recep Erdoganek «adierazpen askatasunaren eta demokraziaren kontra zuzendutakoak» iritzi zien Dink hil zituzten balei. Hilketa argitzeko konpromisoa hartu zuen.



GENOZIDIOAREN ONDORIOAK. Otomandar Inperioak 1915 baino lehenago ere jazarri izan zituen Anatoliako ekialdeko armeniarrak, 1894 eta 1895 artean. Armeniarrak ordu hartan eta 1915ean jazarri eta hiltzeko erabili zuen argudioa Turkiako Gobernuak gaur egun genozidioa izan zenik ukatzeko erabiltzen duen ber-bera da: I. Mundu Gerrako «borroken biktimak» izan zirela edota Inperioaren etsaiei banakako zein talde sostengua ematen zietela. Zehazki, Inperioko agintari turkiarrek zioten armeniarrak (kristauak) Errusiar Inperioaren aliatuak zirela.

Turkian egun 60.000 eta 80.000 inguru armeniar bizi dira, bereziki Anatolia ekialdean eta Istanbulen. 15 milioi kurduei ez bezala, armeniarrei gutxiengo estatusa onartzen die Ankarak.

Armenia 1916an menperatu zuen Errusiar Inperioak, eta 1918an lortu zuen independentzia. 1920an, ordea, Turkiak eta Sobiet Batasunak inbaditu zuten. Bi estatuok eginiko akordioaren arabera, zenbait eskualde Ankararen menpe eta gero Armeniako Errepublika bilakatuko zena Moskuren menpe geratu ziren. Sobiet Batasuna desagertu arte (1991) ez zuen Armeniak independentzia berreskuratu. Halere, Turkiarekin ez du harreman diplomatikorik izan, eta bien arteko muga 1993tik dago itxita. Mugak ixtearen arrazoia tropa zein politikari armeniarrek Azerbaijango Karabakh lurraldea okupatzea eta kudeatzean datza.



EUROPAKO BATASUNA, TURKIA ESTUTZEN. Dinken hilketaren haritik, Europako Kontseiluaren Asanblea Parlamentarioak adierazpen askatasuna mugatzen duen artikulu bat ezabatzeko eskatu zion atzo Ankarari. Turkiako Zigor Kodearen 301. artikuluak «kazetarien aurkako legezko erasoak eta bestelakoak zilegiztatu besterik ez» dituela egiten salatu zuen Asanbleak, aldeko 106 botorekin eta kontrako birekin. «Nortasun nazional turkiarraren aurkako irainak» zigortzen dituen artikulu horretaz baliatuta zigortu zituzten Orhan Pamuk Literatura Nobel sariduna (turkiarra) eta Hrant Dink kazetaria. Biek salatu zuten 1915eko genozidioa.

Armen Rustamaian eurodiputatu armeniarrak atzo nabarmendu zuen genozidioa salatzeko lan egiten dutenak «[Turkiako] Estatuaren aparatu zapaltzaileen mehatxupean» bizi direla; «bitartean, [genozidioa] goraipatzen dutenak abertzaletzat jotzen dituzte».

Munduan sakabanatutako komunitate armeniarrek genozidioa izan zela onartzeko eta hura gaitzesteko ebazpenak proposatu dute hainbat legebiltzarretan. Frantziako Legebiltzarrak iazko urrian armeniarren genozidioa ukatzea legez kanpokotzat jotzen zuen lege proposamena onartu zuen. Halere, oraindik Senatuak berretsi beharra du hori. Gaur egun armeniar jatorriko 400.000 bat pertsona bizi dira Frantzian.

Bestalde, Turkia EBn sartzeko negoziazioetan, armeniarren genozidioaren izaera onartzeko eta hauen egoera hobetzeko eskakizuna erabiltzen ari da nazioartea, Ankararekiko presio bezala.



Otomandar Inperioak 1915. eta 1917. artean 1.500.ooo inguru armeniar sarraskitu eta deportatu zituen

Adierazpen askatasuna mugatzen duen artikulu bat ezabatzeko eskatu dio Europako Batasunak Turkiari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.