Nicolas Sarkozy Frantziako Gobernuaren eta UMP alderdiaren irudiaz jabetu da bost urteotan; botere egiturok bera izan dute protagonista. Hemendik aurrera, baina, porrota onartuta, ekaineko legebiltzarreko kanpainatik kanpo egongo dela jakinarazi du, eta Eliseoan atzo bere taldearen aurrean berretsi zuen hauteskunde gauean jarraitzaileei iradokitakoa: politikatik erretiratu egingo da, Le Figaro egunkariak jakinarazi duenez. Sarkozyren zigilua zuen eskuinari, beraz, bere nortasuna berriz definitzeko garaia heldu zaio.
Frantziako eskuinarentzat zalantzazko uneak dira, eta kanpainaren amaieran UMPko buruzagien artean egon diren iritzi ezberdinak geroaren aurrekari izan daitezke. Fronte Nazionalaren botoak beneganatu nahian Sarkozyk gogortu zuen diskurtsoak Errepublikaren marra gorriak zeharkatzeko arriskua dutela uste izan dute batzuek, François Fillon lehen ministroak ordezkatzen duen eskuin moderatuak, besteak beste.
Marine Le Pen Fronte Nazionaleko buruaren eta Nicolas Sarkozyren mezuen artean ez baitago alde handirik. Immigrazioaz eta nortasun nazionalaz hizketan, nazioaren eta arrazaren inguruan egituratutako pentsamendua goraipatu dute biek, eta diskurtso horri eutsi diote alderdikideek Sarkozyk batuta eskuan izan duen bitartean.
UMP alderdia Jaques Chiracen RPR Errepublikaren Aldeko Batasunak eta Jean-Pierre Raffarinen DL Demokrazia Liberala alderdien bat egiteak eragin zuen, 2002an. Chiracek zentro-eskuineko bloke indartsua egiteko beharra gauzatu zuen, Fronte Nazionalari goranzko bidea ixteko— bigarren itzulira igarotzea lortu zuen orduan—. Hamarkada baten ondoren, eskuin muturrak baldintzatutako politikari egin beharko dio aurre berriz, UMPk.
Hasteko, alderdiak zentroarekin eta eskuin muturrarekin dituen harremanak aztertu beharko ditu kokatzeko, eta Sarkozy ordezka dezakeenen artean bi izen nabarmentzen dira. Jean-François Cope oso maite ez duten alderdikideek esan izan dute Sarkozyren porrota nahi zuela 2017an hautagai izateko. Eskuinean, diskurtso gogorra dauka, baina Fronte Nazionalarekin ez du aliantzarik nahi. Lehiakide nagusia François Fillon da; legebiltzarkideek estimatua, gaullismo sozialaren tradizioaren ordezkaria. Alain Juppe Atzerri ministroa ere gehien entzuten den izenetako bat da, eta atzo legebiltzarreko hauteskundeetara ez dela aurkeztuko iragarrita ere, hiru gizon horiek gidatuko dute kanpainaren taldea. Dagoeneko hasi dira esanez, «arrisku izugarria» litzatekeela ezkerrak eta PS alderdi sozialistak «Frantziako botere politiko guztiak bereganatzea». Hiru horien artean Sarkozyren muturreko joerak banatu zituen filak elkartzen saiatuko dira, eta Sarkozyk UMPtik urrundu dituenak ere bai, Frantzian pisua izaten jarrai dezan.
Ezkerra eta sozialistak ez ezik, eskuin muturrak ere haien banaketa baliatuko du «eskuinaren erreferentzia» izateko, Marine Le Penek lehen itzulian botoen %17,9 eskuratuz gero errepikatu izan duen bezala.
Sarkozyren agurra
Nicolas Sarkozyk duela bost urte pobreen bizitza hobetuko zuela agindu zien herritar itxaropentsuei, baina gutxira aberatsen presidente bilakatu zen, krisiaren aurrean ez itxura oso onekoa: luxuzko bizitzak eta jarrera harroak inoiz Frantzian presidente batek izan zuen babes txikiena izatea eragin zuten, 1958tik berriz aukeratu ez duten presidente bakarra izateraino.
Emaitza ofizialak eman aurretik onartu zuen herenegun bere jarraitzaileen aurrean porrota, ezohiko diskurtsoa eginez, umil antzean, elegante. Politikari emandako 35 urteak gogoratu zituen; lehen lerroan azken hamarrak, bost, presidente, eta ongietorria egin zion Hollanderi.
Ez du argi eta garbi esan badoala, baina orain «frantziar arrunt bat» izan nahi du: «Frantziarren artean beste frantziar bat». Dena den, joan aurretik batasunerako deia egin die alderdikideei: «Ez banatu. Legebiltzarreko bataila irabazi behar dugu». Izan ere, galdu bai, baina aldea ez baita horrenbestekoa izan: hiru puntu pasatxo, inoiz bi hautagairen arteko txikiena. Marsellesaren doinuan «maite zaituztet» esanez joan da Sarkozy, ikusi beharko da nora.
Aro baten amaiera
Nicolas Sarkozy ez da legebiltzarretarako kanpainan egongo; UMP bera gabe hasi da bide berria egiten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu