Muammar Gaddafiren hilketa

Aro baten sinboloa

Muammar Gaddafi hil dute Libiako Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko indarrek Surten, jaioterrianGerra Hotzean AEBen aurka lerratu zirenen artean iraun duen azkenetakoa izan da

mikel rodriguez
2011ko urriaren 21a
00:00
Entzun
«Ez dut utziko nire herrialdea. Martiri bat bezala hilko naiz». Iragan otsailaren bukaeran egin zituen adierazpen horiek Muammar Gaddafik, haren aurkako matxinada indartzen hasi zenean. Zortzi hilabeteren buruan, haren hitzak bete egin dira. Sinbolismoz betetako amaiera izan du; alde batetik, berak iragarritako patu berbera bete baita eta, bertzetik, jaio zen hiri berean aurkitu baitu heriotza, Surten, Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko milizianoek zokoratua zutela. Baina Gaddafiren desagerpena bera sinbolo bilakatu da, XX. mendearen bigarren erdialdeko mundu bipolarraren azken ikurretako bat baitzen 42 urtez boterean egon den koronela.

Kontseilu Nazionaleko milizianoek Tripoli hartu zutenetik, Gaddafiren balizko hainbat gordeleku aipatu ziren. Duela bi egun, ordea, Gaddafik Surten behar zuela erran zuten Kontseilu Nazionaleko eledunek, hiriko erresistentzia uste zuten baino anitzez gogorragoa baitzen, eta, haien iritziz, horrek erran nahi zuen hagitz garrantzitsua zen norbait babestu nahian ari zirela. Eta hala izan da.

Hilketaren inguruko informazioa nahasgarria da. Hasierako bertsioaren arabera, Gaddafi bizirik harrapatu zuten Surten ipar-mendebaldean, ura garraiatzeko hodi batzuen artean gordeta. Borrokaldiaren ondorioz, baina, zaurituta zegoen, eta harrapatu eta gutxira hil zen. Miliziano batek kameren aitzinean urrezko pistola bat erakutsi zuen, eta, hark zioenez, Gaddafiri berari kendu zion. Efe agentziak Misratako Herri Kontseiluko iturriak aipatuz dio Gaddafi etxebizitza baten azpiko gordeleku batean zegoela. Milizianoak harat sartu eta koronelaren guardia pertsonalarekin tiroka aritu ziren.

Tiroa buruan

Ondoren argitaratutako irudietan, baina, Gaddafiren gorpuak bala baten zauriaren marka zuen lokian. Abdel Majid Mlegta Kontseilu Nazionaleko kideak Reuters agentziari adierazi zion Gaddafi bi hanketan zauritu zutela lehenik, eta buruan tiro egin ziotela gero. «Tiro anitz izan dira haren taldearen aurka, eta hil egin da». Frantziak jakinarazi zuen haren hegazkinek konboi bati Surt uzteko bidea trabatu ziotela, eta ondoren kontseiluko indarrek eraso zietela. Gaddafi han zihoala dio Parisek. Kontseilu Nazionaleko Justizia ministroaren arabera, berriz, koronelaren semeetako bat, Mutassim, borrokan hil zen, eta seme zaharrena, Seif al Islam, ospitalera eraman zuten hanka batean zaurituta.

«Luzaroan egon gara une honen esperoan. Muammar Gaddafi hilda dago», berretsi zuen arratsaldean Mahmud Jibril Kontseilu Nazionaleko lehen ministroak, eta Gaddafiren erregimeneko politika ekonomikoaren arduradun ohiak. Koronelaren gorpua Misratara eraman dute.

Borroka armatuen laguntzaile

Gaddafi hil eta berehala, herrialde arabiarretako matxinadetan erori den hirugarren diktadorea dela argitaratu zuten atzo hedabide anitzek. Libiako buruzagiak, ordea, Tunisiakoak eta Egiptokoak ez zuten indar sinbolikoa zuen mundu zabalean, Gerra Hotza amaituta, AEBen eta Mendebaldearen aurka lerratu zirenen artean biziraun zuen azkenetakoa baitzen. Monarkiaren aroan AEBen aliatu estua zen Libia, baina Gaddafik estatu kolpea eman zuenean (1969), lerrokatu gabeko herrialdeen artean kokatu zuen. Geroago, baina, SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunera hurbildu zen, eta haren orbitako herrialdeekin harreman diplomatiko onak ukan zituen.

Gaddafiren erregimenari nazioartean nortasun berezia eman ziona, baina, Mendebaldeko herrialdeen interesen aurka borroka armatuan ari ziren taldeei emandako sostengua izan zen. Kontinente guztietan diruz eta armekin hornitu zituen hainbat talde eta gerrilla, independentistak edo ezkerreko iraultzaileak nagusiki. Libian bertan entrenamendurako kanpamenduak ezartzen ere utzi zien zenbaitzuri. Horregatik, «terrorismoaren babesle» izendatu zuen Mendebaldeak.

Kasu ezagunenetako bat Hegoafrikan apartheidaren aurkako mugimenduari emandako laguntza izan zen. Horren ondorioz, Nelson Mandelak, 1990ean aske gelditu zenean Libiara egin zuen nazioarteko lehenbiziko bisitetako bat. Mendebaldeko blokearen bi potentzia nagusiak, AEBak eta Erresuma Batua, gehien ernegatu zituen kasuak, ordea, Palestinako Askapenerako Fronteari, Latinoamerikako mugimendu iraultzaileei eta IRA Irlandako Armada Errepublikanoari emandako laguntza izan zen.

Bereziki nabaria izan zen Gaddafik Nikaraguako mugimendu sandinistari eman zion sostengua, hura AEBek sustatutako Contraren aurka borrokan ari zenean. Hugo Torres diputatu sandinistaren arabera, aro horretan Libiak ia 220 milioi euro utzi zizkion Nikaraguari, eta 1990ean sandinistek boterea galtzean, laguntza eten zuen.

1970. eta 1980. hamarkadatan sortu eta indartu ziren gatazka armatu anitz, ordea, itzali egin ziren Gerra Hotzaren amaieran. Hainbatetan bake prozesuak ireki ziren, eta garai batean gerrillari zirenak estatuetako ordezkari bilakatu ziren. Haietako anitzengan Gaddafik urterik gordinenetan egindako mesedeek lorratza utzi zuten, eta horrela uler daiteke Daniel Ortega Nikaraguako presidenteak matxinadaren hasieratik erakutsi zion sostengua, edo Jakob Zuma Hegoafrikako presidenteak egindako bitartekaritza ahaleginak.

1991n SESB desegin egin zen, eta harekin batera Gaddafiren aliatu anitz panoramatik desagertu ziren. Bigarren Mundu Gerrak oinordekotzan utzitako mundua eraldatzen hasi zen, eta Libiako koronela paria bat bilakatu zen nazioartean. Bizirauteko, baina, hark ere eraldatzen jakin zuen, eta garai batean etsai zirenak erakarri zituen, haien intereseko bi gauza zituelako: petrolioa, eta etsai komuna, muturreko islamismoa. Azken hamarkadan Erresuma Batuko lehen ministroa eta AEBetako Gobernuko goi ordezkariak hartu zituen Libian, gauza pentsaezina zena soilik urte batzuk lehenago.

Azkenean, Nazioarteko Zigor Auzitegiak atxilotzeko egindako eskaera, edo Kontseilu Nazionaleko buruek behin baino gehiago Libian epai dezaten egindako adierazpenak ezerezean gelditu dira. 1991an eraldatu zen mundu zaharraren ikur bat desagertu da. 2011ko urriaren 20tik aitzinera, Fidel Castroren Kuba, Ipar Korea eta bertze kasu bakan batzuk dira aro horren adierazleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.