Estatuari buruzko hitzaldia eman du Donald Trumpek AEBetako Kongresuan: migrazio legeak estutzeko babesa eskatu du, azpiegitura plana onartzeko, eta "segurtasunari eta komertzioari" lehentasuna emateko.
"Hau da gure une amerikarra. Inoiz ez da une egokiagorik egon amets amerikarra bizitzen hasteko", esan du Donal Trump AEBetako presideteak, Kongresuan eman duen hitzaldian. Errepublikarrei eta demokratei elkarlana eskatu die migrazio politiken erreforma aurrera ateratzeko. Hala, dreamers deiturikoen —adingabeak zirenean AEBetara iritsitako milaka gazte— egoera erregulatzeko 1,8 milioi euro inbertitzea proposatu du, eta trukean, 25.000 milioi erabiltzea Mexikoren mugan horma eraikitzeko.
"Ezberdintasunak alde batera uzteko deia egiten dizuet, eta elkartzen gaituena topatzeko", esan du. Elkartzeko deia egin die diputatuei, baina berak ez du asmoetan atzera egiteko intentziorik azaldu. Horma eraikitzeko asmoan berretsi da "kriminalei eta terroristei ateak ixteko", eta argi utzi du "aurrena AEBak" filosofiarekin bat egiten ez duen legerik ez duela onartuko. Hala, bisatuak merezimenduaren arabera ematea defendatu du.
Etxe Zurian daraman urtebetean izandako "arrakasta paregabea" behin eta berriz azpimarratu du Trumpek, 80 minutuko hitzaldian, eta bereziki azpimarratu du langabezia jaitsi egin dela, eta "AEBetan inoiz egin den zerga erreforma handiena" onartzea lortu duela.
Arma nuklearrak "modernizatu eta birsortzea" defendatu du, eta Guantanamo irekita mantentzeko agindua sinatu duela jakinarazi. Hura ixtea zen Barack Obama presidente ohiaren lehentasunetako bat.