Luisa N. Borrellen lan ibilbidea osasun arloari lotuta egon da beti. Columbia eta Michigango unibertsitateetan ikasi zuen (AEB Ameriketako Estatu Batuetan). Bere hasierako asmoa dentista izatea zen, eta lanbide horretan aritu zen bolada batean, baina laster konturatu zen ikerketaren arloak gehiago erakartzen zuela. Egun, New Yorkeko Unibertsitatean dihardu, Lehman College izenekoaren Osasun Zientzietako Sailean buru.
New Yorkeko Unibertsitateak hirian barreiaturik dituen 23 zentroetako bat da Lehman College, eta Bronx auzoan dago. Han, eskolak emateaz gain, ikerketari eskaintzen dio Borrellek bere denboraren zati handi bat. Batez ere, gizarte desberdintasunek osasunean duten eragina aztertu du Borrellek, arraza, etnia, estatus soziala, auzoetako estratifikazioa eta beste zenbait faktore aintzat hartuta. Osasun arloa eta gizarte ikuspegia uztarturik, hainbat artikulu eta liburu argitaratu ditu orain arte.
Egunotan, Euskal Herrian izan da, Euskal Herriko Unibertsitateko Erizaintza Eskolak antolaturiko Osasun Komunitario eta Osasun Sustapeneko I. Jardunaldietan parte hartzeko. Hitzaldian, aho bete hortz utzi ditu Borrellek bere entzuleak, Erizaintza Eskolako ikasle eta irakasleak gehienbat. AEBetan arrazakeria eta segregazioa legez ezartzen zireneko garaiak joanak diren arren, pentsatzekoa zen horien aztarna ugari gelditzen direla hango gizartean. Borrellek, baina, datuekin erakusten du diskriminazioak bere horretan irauten duela, askotan bide makur eta ezkutuak erabiltzen dituela bere burua betikotzeko, eta horrek eragin zuzena daukala herritarren osasunean.
AEBetan, zertaz ari gara arraza edo etnia aipatzen ditugunean?
Normalean, gizakiaren koloreaz ari gara. Hispanoek, esaterako, gutxiengo etniko bat osatzen dute, baina hispano beltzez edo hispano zuriez ere hitz egiten da.
Baina zure hitzaldian esan duzunez, sailkapen horren oinarria ez da biologikoa.
Ez, sailkapen sozial bat da. Gizartean eraikitako sailkapen bat da. Gehienek badakite hori, baina oraindik badago sailkapen horri arrazoi biologikoak bilatu nahi dizkionik.
Eta nola eragiten du horrek osasunean?
Prozesu konplexua da, gizakiaren estatus sozioekonomikoarekin zerikusia duelako eta horren bidez osasunean eragina izan dezaketen faktoreekin harremanetan jartzen duelako. Esaterako, afroamerikarren kasuan, diskriminazioak oztopatzen die gizarte estatus jakin bat erdietsi ahal izatea, auzo batzuetan bizitzea galarazten die eta abar. Pertsona batek, etniari lotutako arrazoiak direla eta, ikasketa maila apalagoak baldin baditu, soldata baxuagoa baldin badauka eta abar, horrek guztiak eragina du osasunean.
Segregazioak, beraz, irauten du.
Legez ez, baina beste bide batzuk erabiltzen dira segregazioa iraunarazteko. Banku batzuek ez diete mailegurik ematen hispanoei edo beltzei; etxeen salerosketan edo etxebizitzak alokatuz lan egiten duten enpresak saiatzen dira zenbait auzotako etxebizitzak gutxiengoetako kideen eskuetan gera ez daitezen, ez dutelako nahi auzo horietan etnien arteko nahasketarik gertatzea eta abar.
Nola funtzionatzen du horrek?
Adibide bat jarriko dizut: eman dezagun beltz batek edo hispano batek dirua badaukala eta zuriak nagusi diren auzo batean etxe bat erosten duela, diru kopuru bat ordainduta. Beltz eta hispano askok gauza bera egiten badute, auzo horretako zuriek auzoa utzi eta beste norabait joateko joera izango dute. Apurka-apurka, auzo hori zuririk gabe geldituko da, etniaren aldetik homogeneo bilakatuko da, eta horrek ekarriko du auzo horretako etxebizitzen prezioa jaistea. Hasieran diru kopuru bat ordaindu duen beltz edo hispano horrek ikusiko du bere etxeak urte batzuk lehenago baino askoz gutxiago balio duela eta, beraz, dirua galdu duela, pobreagoa dela, segregazioari lotutako zeharkako arrazoiak direla medio.
Bestelako mekanismorik ba al dago segregazioa iraunarazteko?
Eskola, esaterako. Eskolak auzoka banatzen dira; suposatzen da auzo bateko umeek auzo horretako eskolara joan behar dutela eta ezin direla joan beharbada etnia nahasketa handiagoa duen beste eskola batera. Gizarte egitura bat dago, segregazioa mantentzen duena.
Lehen aipatu dituzun adierazleak berdin mantendu dira edo aldatu dira azken hamarkadetan?
Aldatu dira, baina desberdintasunak mantendu dira. Adibidez, orain mundu guztiak du, batez beste, errenta handiagoa, baina oraindik ere hispano eta afroamerikarrek zuriek baino errenta txikiagoa dute. Zuriak gainditu dituen gutxiengo etniko bakarra da asiarrek osatzen dutena. Hainbat adierazletan, asiarrak zurien aurretik daude, eta horregatik AEBetan «gutxiengo eredugarria» deitzen diete asiarrei.
Suposatzen dut bilakaera hori osasunarekin lotutako adierazleetan ere gertatzen dela.
Hala da. Bizi-itxaropena handitu da zurientzat zein beltzentzat, baina, oraindik ere, altuagoa da zuriena beltzena baino.
Nolakoa da AEBetako osasun sistema?
Zuek gizarte segurantza sistema bat duzue, eta, horren arabera, suposatzen da mundu guztiak bermatua duela osasun zerbitzuak jaso ahal izatea. AEBetan, aldiz, pertsona batzuk baino ez daude osasun sistema publikoan, batez ere umeak eta adinekoak. Gainerakoek aseguru pribatu bat daukate, normalean lanbidearen bidez eskuratzen dena. Pertsona batek ez badu lanik egiten, edo asegurua eskaintzen ez dion lanbide eskas batean aritzen bada, horrek ez dauzka osasun zerbitzuak bermatuta. Kalkulatzen da AEBetan 48 milioi lagun daudela egoera horretan. Pertsona horiek, gaixotzen direnean, larrialdietara jo beste biderik ez dute.
Zertan aldatzen du egoera hori Obama presidenteak bultzatutako erreformak?
Obamacare izenez ezagutzen den erreformaren hasierako asmoa zen mundu guztiari zerbitzua bermatzea, baina erreforma onartzeko prozesuan arazo asko egon dira, eta hasierako egitasmoa nahikotxo urardotu da. Onartu dena hasierako egitasmoaren laurdena baino ez da. Erreforma hori orain hasi da, 2014ko urtarrilaren 1ean jarri zutelako indarrean, eta oraindik ikusteko dago nolako eragina izango duen. Kalkulatzen dugu hogei urte beharko ditugula ikusteko horrek benetan funtzionatzen duen ala ez.
Onartzeko prozesuan aurkitutako arazoak aipatu dituzu. Zergatik hainbeste arazo?
Alde batetik, errepublikanoak oposizioan daudelako, eta oposizioan dagoen edozein alderdiren lehenengo zeregina gobernuari kontra egitea izaten da. Baina badago beste arrazoi bat: aseguruena negozio ikaragarria da. Sekulako dirutza mugitzen du industria horrek, eta baditu bere interes ekonomikoak.
Zuk zer balorazio egiten duzu erreformaren inguruan?
Nik uste dut aurrerapausoa dela. Beharbada, funtzionatzen badu, ostean iritsiko diren presidenteek ikusiko dute zerbait positiboa dela, inbertsio egokia dela, eta prozesu honetan bidean gelditu diren zenbait atal berreskuratuko dituzte. Nik uste dut horixe litzatekeela egokiena.
Batzuek zalantzan jartzen dute Obamari agintaldia amaitzeko gelditzen zaizkion urteetan gauza izango ote den erreforma abiarazteko.
Erreforma abiarazita dago, baina ez dut uste aldaketa esanguratsurik egongo denik, datozen bi urteetan Obamaren lehentasuna beste bat izango delako. Immigrazioaren arazoari aurre egin beharko dio denbora horretan, eta nik uste dut horrek eramango duela bere arreta guztia. AEBetako herritarren %12 eta %17 artean etorkinak dira; populazioaren ehuneko handi bat da legetik at bizi dena, eta hori arazo handia da. Etorkinak tentsioz bizi dira, edozein momentutan atzeman eta sorterrira bidaliko ote dituzten beldur. Hauteskunde kanpainan, Obamak hitza eman zuen arazoari helduko ziola, eta uste dut datozen bi urteetan horixe izango duela erronka nagusi.
Datu harrigarri batzuk eman dituzu zure hitzaldian, esaterako, auzo batean dagoen beltz eta hispano kopurua irizpide gisa erabiltzen dela auzo horretako ospitalea ixteko erabakia hartu behar denean.
Bai, hala da.
Baina hori ikaragarria da.
Bai, baina kontuan hartu behar da ospitalea negozio bat dela, beste edozein negozio bezalaxe. Auzo batean beltz edo hispano asko baldin badago, pentsatzekoa da ospitale horren diru sarrera nagusiak, aseguru pribatuetatik barik, osasun sistema publikotik iritsiko zaizkiela, eta, beraz, etekinak txikiak izango direla. Orduan, ospitale hori itxi egiten dute, hurbilen dagoen erietxearekin batuko dutela argudiatuta.
Gizentasuna arazo larria al da AEBetako herritarren artean?
Bai. Arazo handi samarra daukagu horrekin, eta adin tarte guztietan, gainera, 5 urte baino gutxiagoko umeekin hasita. Haur horien % 14 gizenegi daude. Nerabeen artean, berriz, %17 dira gizenegiak, eta helduen artean %33. Kalean zoazela, ikusten dituzun hiru heldutik bat gizenegi dago.
Horretan ere gizarte faktoreek ba al dute zerikusirik?
Jakina. Alde batetik, begien bistakoa da horrek zerikusi handia duela junk food edo zabor janarekin, eta beheko mailetako herritarrek kontsumitzen dutela janari mota hori gehien. Baina hori ez da faktore bakarra. Gizentasuna ariketa fisikorik ezari ere oso lotuta dago. Han jendeak ez du ariketa fisiko askorik egiten, ez da ibiltzen. Ikusi dut hemen jendea ibili egiten dela, baina parke gehiago ere badituzue, eta, oso garrantzitsua dena, jendea seguru sentitzen da parke horietan ibilita. AEBetako zenbait hiritako behe mailako auzoetan, berriz, oso arriskutsua da parkean ibiltzea, are gehiago sasoian ez dagoen jendearentzat. Edo, besterik gabe, ez dute parkerik. Gutxiengoak bizi diren auzoetan berdeguneak askoz gutxiago dira, daudenak gutxiago zaintzen dituzte eta ez dira seguruak izaten. Beraz, hemen ere faktore sozialek badute zerikusia.
Zure hitzaldian "hispanoen paradoxa" deiturikoa aipatu duzu. Zer da hori?
Ikerketa askotan agertzen da esamolde hori. Hispanoek heziketa maila txikiagoa izaten dute, diru gutxiago irabazten dute, osasun asegurua edukitzeko aukera gutxiago dute eta, oro har, osasunean eragiten duten beste zenbait adierazletan antzeko desabantailak izaten dituzte. Eta, hala ere, osasunaren ikuspegitik emaitza hobeak izaten dituzte. Esaterako, luzeago bizi dira, eta hiltze tasa apalagoak dituzte. Umeen hiltze tasa zuriena baino txikiagoa da. Horregatik esaten da paradoxikoa dela: talde batek horrelako desabantailak baditu, espero izatekoa da horrek ondorioak izango dituela osasunaren arloan, baina datuen arabera ez dago horrelakorik.
Zergatik gertatzen da hori?
Adituek hainbat arrazoi ematen dituzte. Alde batetik, hispanoen artean familiaren sostengua oso handia da. Ohitura osasungarriagoak ere badituzte; adibidez, erretzeko eta alkohola kontsumitzeko joera txikiagoa dute. Baina beste arrazoi bat ere egon daiteke: jatorri hispanoko gehienak etorkinak dira, gazte eta osasuntsu direlarik iristen dira AEBetara, zahartutakoan horietako asko sorterrira itzultzen dira eta, beraz, ez dituzte aintzat hartzen hiltze tasak kalkulatzerakoan.
Deigarria da AEBek, beste zenbait arlotan hain herrialde aurreratua izaki, osasun alorrean hain egoera kaskarra izatea.
Bai, hala da. Haurren heriotza tasari dagokionez, esaterako, 26. lekuan gaude tasarik altuena duten herrialdeen zerrendan, Kuba eta Costa Rica baino egoera kaskarragoan.
Zergatik gertatzen da hori?
Osasun sistemak zerikusi handia du horrekin. AEBetan, gaixotasunak sendatzera bideratuta dago sistema, ez gaixotasunei aurre hartzera. Asegurua izanik ere, askotan jendeak osagarri bat ordaindu behar du, eta, horregatik, medikuarenera joaten da gaixotasuna agertzen denean, ez lehenago. AEBak zenbait arlotan oso aurreratuta daude, baina oso herrialde kontserbadorea da; erlijio taldeek eta eskuinekoek indar handia dute.