Kalkulua egin besterik ez dago, oso oker ez dabilela frogatzeko: esne litroa 3,30 pesotan -euro bat 14 peso dira, gutxi gorabehera- saltzen dute ekoizleek, eta ongi elikatutako behi osasuntsu batek 25 litro eman ditzake egunean. Laurogeita bi peso eta erdi ateratzen zaio, beraz, abere bakoitzari egunean. Behi baten bazkak, ordea, arto horia du oinarrian: 40 bat kilo egunean. Eta joan den urtarrilean ale horren prezioa hiru pesoraino igo zenez, 120 peso behar ditu nekazariak animalia bakarrari egunean jaten emateko.
Gobernuari neurriak har ditzan eskatzeko eta emaitza negatibo horri aurre egiteko, ehun bat ekoizle bildu ziren berriki, Padilla tartean, Barruti Federaleko Zokaloan. Hiriburuaren bihotza den plaza horretan bost mila litro esne oparitu zituzten ekoizleek, protesta moduan. Eta antzeko manifestazioak izan ziren herrialdeko beste zazpi estatutan ere: Veracruzen, Coahuilan, Durangon, Zacatecasen, Jaliscon, Queretaron eta San Luis Potosin.
Protestak areagotzen ari dira, eta iragan ostiralean, berriz, milioi bat esne litro bota zituzten kaleetan. Alvaro Gonzalez Esne Ekoizleen eta Kontsumitzaileen Fronte Nazionaleko kideak sustatu zuen ekimena.
KRISIAREN SUSTRAIA. Oinarrizko elikagai baten prezioaren igotzeak gainontzekoetan duen zuzeneko eraginaren erakusgarri izan dira manifestazioak, eta baita artoaren krisia edo etanoinflazioa gisa izendatu den fenomenoa hasi baino egin ez denarena.
Arto opilen prezioaren igoera hedabideetan zabal jorratzen hasi zirenean auzia debate nazional bilakatu zen. AEB Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak etanola -artoarekin egiten da- erregai gisa erabiltzeko egindako apustuan du oinarriak auziak. Etanoinflazioa, beraz, nazioarteko merkatuetako edozein gorabeherak krisia eragin dezakeen erakusgarri da. Mexikok Washingtongo erabaki ekonomikoekin duen menpekotasunaren erakusgarri ere.
Mexikoko, Hego eta Erdialdeko Amerikako herri askotako oinarrizko elikagaia da tortilla arto opila,
George Bushen gobernuak, baina, etanola erregai gisa sustatu nahi du. Eta erabaki horrek barne kontsumorako arto eskaria igo du, eta kanpo merkaturako aleak garestitu. Estatu Batuetan gaur egun martxan dauden 110 etanol fabrikei orain eraikitzen ari diren beste 63 findegi gehituko zaizkie datozen hemezortzi hilabeteetan. Zenbait adituk iragarri du esportaziorako artorik ez dela sobratuko.
Horiek hala, garestiago suertatzen zaie esne ekoizle mexikarrari beren behiei jaten ematea, eta baita otordurako mahaian sekula falta ez diren tortillak erostea.
Iazko abenduan opil horien kiloak -20 bat talo- sei pesoko kostua zuen, eta aurtengo urtarrilean hamar balio izateraino iritsi da-euroaren 70 bat zentimo-. Notizia beltza soldata baxuena dutenenentzat.
GUTXIENEKO SOLDATA, TXIKIA. Matematiketarako unea berriz ere: gutxieneko soldatarekin bizi den lau umeko familia batek bi kilo eta erdi tortilla kontsumitzen ditu egunean, bat bazkalordurako, bat eta erdi arratserako. Astean hamazazpi kilo eta erdi dira, 175 pesoko gastua, beraz. Mexikon asteko gutxieneko soldata 200 peso direnez, diru sarreren %87 baino gehiago inbertitzen du familia horrek arto opiletan.
«Ogia ez, arto opilak kendu nahi dizkigute. Oraingoan gosez hil nahi gaituzte». Hori izan da azken asteotan gehien entzun den esaldia. Debate nazionalerako panorama paregabea, beraz.
Oposizioko alderdiek, nekazari elkarteek eta sindikatuek, gutxieneko soldatak igo ditzaten eskatzeko, martxa handi bat antolatu zuten urtarrilaren 31n. Gobernu Federalak, ordea, bestelako neurriak sinatu ditu krisiari aurre egiteko: muga zergarik gabe inportatutako artoaren kupoa zabaltzea -650 mila tona inportatu-, eta tortilla ekoizleei prezio finkoa jarraraztea -zortzi pesotan saldu behar dute kiloa-.
Eduardo Sojok Ekonomia ministroak, testuinguru horretan eta krisiari aurre egiteko borondatearekin, oinarrizko elikagaien prezioak bere horretan mantentzen saiatuko direla adierazi du: «Artoarekin eta arto opilekin egin genuena egingo dugu esnearekin, oilaskoarekin, haragiarekin eta arrautzekin, prezio eskuragarriak bermatzeko eta merkatua ordenatzeko».
Baina badirudi merkatuak ez duela ordena hori jarraitu nahi, ez behintzat berehalakoan. Hara hor, bestela, ale bakar baten garestitzeak eragin duen inflazioa -oinarrizko saskian %0,35; iaz urte garai berean baino 0,23 gehiago, Mexikoko Bankuaren zifren arabera-; edo Hondurasko Gobernuak arto esportazioak gelditzea, ale hori babarrunarekin batera bertako zazpi milioi biztanleen dietaren oinarria izaki, gerta litekeen eskasia galarazteko; edo artotik bizi den Macuilxochil bezalako herrixketako gizonak AEBetarako bidea hartzea, lan bila. Horiek hala, artoaren krisia kapitulu ugari izango dituen istorio luzea izango dela dirudi.