Ezustekorik ez da izan, eta Artur Mas CiUko hautagaiak ez du gaur Legebiltzarrean Kataluniako presidente izateko behar zuen gehiengo osoa lortu. PSC, PPC, ERC, ICV-EUiA, Solitaritat eta Ciutadanseko 73 legebiltzarkideen ezezkoa jaso du. Bozketa horren ondoren, ostegunean beste bat egingo da, eta horko horretan, hasiera batean, nahikoa izango du Masek bere alderdiko legebiltzarkideen babesa, bigarren bozketan gehiengo sinplea nahikoa baita presidentea izendatzeko.
Gaurko bozketaren aurreko saioan, Joan Puigcercos ERCko bozeramaileak akordio batera iristeko prest daudela adierazi dio Masi, baina iraganeko "gobernatzeko moduetara" ez itzultzeko eskatu dio. Masek Legebiltzarrean oraindik independentziaren aldeko gehiengorik ez dagoela erantzun dio. Joan Laporta Solitaritateko buruak, ordea, alde bakarretik independentzia aldarrikatzeko eskatu dio, eta kontzertu ekonomiko bat izateko proposamenak "etsipena" ekarriko duela esan dio. Laportari egindako erantzunean, ordea, Masek esan dio independentzia aldarrikapen horrek oraindik eta etsipen handiagoa ekarriko lukeela.
Herrialde katalanak
Artur Masek ez du gehiengo osoa lortu eta etzi bigarren bozketara aurkeztu beharko du
CiUko 62 legebiltzarkideek soilik eman diote babesa; ostegunean gehiengo sinple hori nahikoa izango du Kataluniako presidente izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu