Ezinezkoa zirudienean, amore eman, eta atzera egin du Artur Masek: Kataluniako presidente izateko bere hautagaitza baztertu du, eta Junts Pel Sik Carles Puigdemont proposatuko du Kataluniako Parlamentuak bihar egingo duen inbestidura saioan. Mas 18:00etan atera da hedabideen aurrera, eta ordu batzuk lehenago zenbait hedabidek zabaldu dutena baieztatu du: urrats bat egingo duela albo batera, hauteskundeak saihesteko. "Negoziazio hau bestela buka zitekeen, baina bizitza gogorra da, eta hauteskundeetara joateko zorian geunden. Prest genuen dena bozetara deitzeko, baina ez zen nahi genuen agertokia: agertoki okerrena zen. Horregatik askatu dira korapiloak, eta orain proiektua bizirik da: prozesua salbatu dugu", nabarmendu du Masek.
Ozta-ozta lortu dute akordioa Junts Pel Sik eta CUPek azken unean presidente bat adosteko. Masek zehaztu du berak proposatu duela Puigdemont hautagai gisara. Bihar egingo dute bozketa Kataluniako Parlamentuan, 17:00etan, eta lehen bozketan gehiengo osoz izendatu behar dutenez (jada ez dago bigarren bozketa egiteko astirik), gutxienez CUPeko sei parlamentarik bozkatu beharko dute Puigdemonten alde. Haren profila egon zitekeen "aproposena" dela uste du jarduneko presidenteak, eta erabateko konfiantza agertu dio. "Oso argi du nazio proiektua" esan du Masek Puigdemontez, haren urtetako "eskarmentua" goraipatzeaz gain.
Junts Pel Sik gobernatu eta CUPek bermatuko du haren egonkortasuna, CUPeko bi diputatu Junts Pel Siren dinamika parlamentarioan txertatuko baitira. Horretarako, Masek jakinarazi du talde parlamentarioa "berritu" beharko duela CUPek, eta dimisioak iradoki ditu: "CUPek bere okerrak onartu beharko ditu". Hurrengo erronka gobernuaren egonkortasuna bermatzea dela argi du Masek: "Ezin dugu Everest abarkekin igo".
Albo-kalte lazgarriak ekar dakizkioke itunak CUPi. Vilaweb kazetaren arabera, inbestidura saioaren ostean akordioa sostengatu ez duten diputatuek dimisioa eman dezakete, eta CUPen zati bat parlamentutik erretiratu daiteke, legealdiari egonkortasuna emateko.
Politikan segituko du
Masek aitortu du "mina" eman diola alde batera egin behar izateak, baina "lasai" eta erabat konbentzituta mintzatu da. "Onurak kostuak baino handiagoak dira, eta ziur nago merezi izan duela". Adierazi du, halaber, presidente ez bada presidente ohi izango dela, alegia, ez duela beste kargurik hartuko. "Generalitateko presidentetza ez da trukean hartzeko moduko kargu bat, eta president izatea adina ohoragarria da president ohia izatea". Gobernu berriari laguntza eskaini dio, gainera.
Hala ere, garbi utzi du gaurko erabakiak ez duela esan nahi politika utziko duenik. Bi arrazoirengatik: batetik, CDC berregiteko lanean buru-belarri arituko dela iragarri duelako; eta, bestetik, ez duelako baztertzen legealdi honetako hemezortzi hilabeteak igarota —estatu egiturak sortu eta berriro hauteskundeak deitutakoan— presidentetzara itzultzea: "Ate hori irekita geratzen da".
Politikan jarraituko du, hortaz, Masek: "Borondate propioz erabaki dut presidente izateari uztea, eta urrats bat albora egitea erabaki badut ere, nire ibilbidea ez da hemen amaitu: CDC berregituratzeko lanari ekingo diot orain". Kargua utzi arren, politikatik aldendu ez, eta ahuldutako alderdia sendotzen jarriko ditu orain indarrak.
Izendapena, bihar
Ia luzapenean jarri dira ados Junts Pel Si eta CUP, eta Kataluniako Gobernuko presidentearen inguruan akordioa lortu dute. Jordi Sanchez ANCkoak baieztatu du aurretik hainbat hedabidek zabaldu dutena. "Akordioa badago. Gobernua eta egonkortasuna izango dugu", adierazi du Twitterren. Mas ez da izango presidente, eta Gironako alkate eta Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteko presidente Carles Puigdemont izendatuko dute.
Bihar behar du, eta lehen bozketan, gainera; gehiengo osoz, beraz —aldeko 68 boto—. Horrek esan nahi du gutxienez CUPeko sei parlamentarik bozkatu beharko dutela Junts Pel Siren hautagaiaren alde. Hala egin ezean, Artur Mas jarduneko presidenteak bozetara deitzeko dekretua sinatu beharko luke ezinbestean astelehenean. Junts Pel Sik 62 ordezkari ditu parlamentuan, eta hamar CUPek. Bien baturak gehiengo absolutua du legebiltzarrean, eta, hain zuzen, gehiengo absolutua beharrezkoa litzateke lehen bozketan presidente bat izendatzeko.