Desobedientzia larria, prebarikazioa, diru publikoen bidegabeko erabilera eta eginkizunen usurpatzea egotzi zizkien Estatuko Fiskaltzak Artur Mas Kataluniako presidenteari, Joana Ortega presidenteordeari eta Irene Rigau Hezkuntza kontseilariari, Auzitegi Konstituzionalaren debekua aintzat hartu ez eta azaroaren 9ko bozketa antolatzeagatik.
Azaroaren 4tik 9ra bitartean ustez eginiko delituengatik jo zuen auzitara Estatuko Fiskaltzak. Kataluniako Auzitegi Nagusiko fiskalak, ordea, bat egin du UPDren eskari batekin, eta azaroaren 4an baino lehen ere desobedientzia deliturik egin ote zuten ikertzeko eskatu du. Azaroaren 4an debekatu zuen Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako etorkizun politikoari buruzko prozesu parte-hartzailea.
Halaber, fiskalak eskatu du aintzat ez hartzeko Ortega, Mas eta Rigauk ikerketaren kontra aurkeztutako helegiteak.
Denera, 2,3 milioi lagunek hartu zuten parte independentziari buruzko bozketa egunean, eta hiru laurdenek baino gehiagok Katalunia estatu independentea izatearen alde bozkatu zuten.