Roger Torrenten salaketa artxibatu egin du Espainiako Auzitegi Gorenak. Erabakian zehazten du prozedura akatsak direla medio hartu duela ebazpena, eta helegite gisa aurkeztu behar zuela salaketak. Auzitegiak atea zabalik utzi dio Kataluniako Parlamentuko buruari aipatutako helegitea aurkeztu ahal izateko.
Pablo Llarenaren eta haren erabakien aurkako helegiteez erabakitzeko aretoaz arduratzen diren Miguel Colmenero, Francisco Monterde eta Alberto Jorge Barreiroren aurka aurkeztu zuen salaketa Torrentek. Epaileei leporatzen zien "erabaki bidegabeak eta arbitrarioak" hartzea, preso eta erbestean dauden diputatuen giza eskubideak urratuz.
Kataluniako Parlamentuko Mahaiak hartutako erabakia bete du Torrentek Llarenaren aurkako salaketa jarriz. Joan den apirilean prebarikazioa egitea egotzi zion Mahaiak Goreneko epaileari, hark Jordi Sanchezi inbestidura saiora joatea debekatu ostean. ERC eta JxC alderdiko ordezkarien aldeko botoekin onartu zen proposamena.