Asia hego-ekialdean gehien bilatzen zuten ekintzailea bizirik eta aske dagoela baieztatu du Indonesiako Poliziak, iragan larunbatean hildako ustezko ekintzailearen hilotza Noordin Mohammed Topena ez dela konfirmatu dute eta.
Hilotza identifikatzeaz arduratzen den taldeko buru Eddy Saparwokok adierazi du alderatu egin dituztela hildako ekintzailearen DNA laginak Noordin Mohammed Topen familiakoen laginekin eta ez dutela antzekotasunik aurkitu. «Hildako ustezko ekintzailearen eta haren semearen DNA erkatu ditugu, baina ez du emaitza positiborik izan», esan zuen Nanan Soekarna Polizia bozeramaileak. Larunbatean hil zuten ekintzaileari, hala ere, atentatu suizidak egitea leporatzen zioten.
Orain segurtasun indarrek uste dute malaysiar jatorriko ekintzaileak polizia sarekadatikihes egin zuela, baina oraindik Indonesian dagoela. Soekarnak adierazi zuen Noordin Topek orain artean egin duena egiten jarraituko duela, hau da, AEB Ameriketako Estatu Batuen eta Australiaren interesen aurkako atentatuak prestatzen.
Azken egunetan Indonesiako agintariek izan duten jarrera triunfalistak ezusteko kolpea jaso du. Izan ere, iragan larunbatean hiltzat jotzen zuten ekintzailea bizirik dago herrialdean, eta haren aurka egindako polizia operazioari inoiz baino kemen handiagoarekin erantzungo diola uste dute segurtasun indarrek.
Atentatu askoren erantzulea
Noordin Mohammed Topi leporatzen diote azken urteetan Asia hego-ekialdean izan diren atentatu bortitzen erantzulea izatea. Horien artean, 2003an Indonesiako hiriburuko Marriot hotelaren aurkako atentatua antolatzea; eraso hartan hamabi lagun hil zituzten. Egun hartan, gainera, beste leherketa bat izan zen Australiak Jakartan duen enbaxadan. Han, 11 pertsona hil ziren.
Iragan larunbatean, ustez ekintzailea ezkutaturik zegoen eraikina inguratu eta tiroketa hasi zuen Poliziak.
Asia hego-ekialdean hiltzat jotzen zuten ekintzailea bizirik dago
Iragan larunbatean tiroz hil zuten ustezko ekintzailea ez dela Noordin Top baieztatu du Indonesiako Poliziak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu