Bigarren Mundu Gerraren amaieraren 60. urteurrenaren ospakizunen karietara, Japoniako lehen ministro Junichiro Koizumik barkamena eskatu zuen Japoniako Armadak jasanarazitako basakeriengatik. «Munduko hainbat herrialderi, batez ere gure auzokoei, inbasioekin eta kolonizazioarekin, pairamen eta kalte ugari jasanarazi dizkie Japoniak, eta horregatik barkamena nahi dizuet eskatu», adierazi zuen Koizumik. «Bigarren Mundu Gerraren ondorioak ez ditugu sekula ahaztuko».
Japoniako lehen ministroak antzeko damutzeak adierazi zituen aurretik. Horretara behartua izan zen, Japoniako historia liburu batean Bigarren Mundu Gerran tropa japoniarrek egindako izugarrikeriak gutxituak izateak protesta olde handiak eragin ondoren, Txinan eta Korean batik bat. Aurretik aldarrikatutako damu egiteekin gertatu zen bezala, atzoko adierazpenak ere ez zituzten nahikotzat hartu Asiako hainbat herrialdetan.
Salaketak eta protestak
Hala, Hong Kongen manifestari andana bildu zen Japoniako kontsuletxearen aurrean. Protesta egileek aurrean zeramaten pankartan Japoniak oraindik ere odola dauka eskuetan irakur zitekeen. Taiwanen, aldiz, Bigarren Mundu Gerran eta aurretik ere Japoniako Armadaren esklabo sexualak izandako sei emakumek Tokioren barkamen zehatzagoak eta kalte-ordainak eskatzeko protesta egin zuten.
Pekinen, azkenik, Polizia izan zen Japoniako enbaxada aitzinean, protesta egileetatik babesteko. Atzerri Ministerioko eledunak, berriz, Tokioren barkamen eskeak aditu zituela besterik ez zuen esan.
JAPONIA
Asiako herrialdeei barkatzeko eskatu die Tokioko gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu