Mendialdeko bailaratan dauden eremuetara oraindik ez dela giza laguntzarik iritsi eta aurki bertara neguko elurrak iritsiko direla jakinarazi zuen. Kaxmirren hiru milioi pertsona daude etxerik gabe eta 28.000 kilometro koadroko eremu batean oinarrizko azpiegitura guztiak hondatuta daude. Ospitaleak, eskolak, errepideak, bideak eta ur eta elektrizitate sistemak erabat suntsituta daude.Nazioarteari 272 milioi dolar eskatu zizkiotela eta orain arte soilik 50 jaso dituztela salatu zuen Egelandek. Tsunami-a izan zenean 92 herrialdek diru laguntza eman zutela baina oraingoan soilik 15 eta 20 artean iragarri dutela salatu zuen.Genevan (Suitza) urriaren 26an diru emaileen bilera bat egingo dutela iragarri zuen nazioarteko erakundeko idazkari nagusi Kofi Annanek. Gobernuei eta erakundeei, ildo horretan, goi mailako laguntza emateko eskatu zien: «Emaitzak espero ditut. Ez dago aitzakiarik. Gizateriaren parte gisa aintzat hartuak izateko erronka berri hau gainditu behar dugu. Gure erantzuna gure gizatasun maila neurtzeko modua baino ez da izango». Botikak, aterpe termikoak, mantak, lo zakuak, estalkiak eta berogailuak erruz behar dituztela eta horiek banatu ahal izateko hegazkinak eta helikopteroak behar dituztela zehaztu zuen: «Nazioarteko komunitateak diru laguntzaren harira aurrerapauso bat eman ezean heriotzen bigarren uholde masiboa izan daiteke». Agintarien konpromisoak eraginkorrak izatea espero duela gaineratu zuen Annanek.Pakistango presidente Pervez Musharrafek «itzelezko» laguntza behar dutela berretsi zuen atzo: «Berreraikuntzarako ahalegina ikaragarria da eta une honetan inportanteena dirua eta finantzazioa lortzea da. Datorren lekutik datorrela eskertuko dugu».UNHCR Nazio Batuen Errefuxiatuentzako Komisariatu Nagusiak datozen hamabost egunotan bilduta dituen 960 tona giza laguntza eramango dituela iragarri zuen. Orain arte 1.400 tona material iritsi dira Kaxmirrera.
49.739 hildako
Pakistanek atzo emandako datuen arabera, jada 49.739 dira lurrikaran hil diren pertsonak. Indiako aldean beste 1.400 pertsona hil dira. Kaxmirreko udal agintariek, alta, hildakoen kopurua 100.000 izan daitekeela ohartarazi zuten atzo. Richter eskalan 7,6 graduko indarra izan zuen lurrikarak eragindako zaurituak, berriz, 74.000 dira. Orotara hiru milioi pertsona gelditu dira etxerik gabe. Erreskate taldeak eremu menditsuetara ailegatu ahala hildakoen kopurua handitu egingo dela uste dute agintariek.
PAKISTAN ETA INDIA
Kontrol Lerroa irekitzeko modua aztertzen ari dira
Pakistanen eta Indiaren menpe dago Kaxmir. Kontrol Lerroak dituen 170 kilometroko muga bereizten ditu bi aldeak. Islamabadek eta New Delhik urtetan itxita egon den muga irekitzeko borondatea agertu dute lurrikararen ondorioz. Bi aldeetako ordezkariak, ildo horretan, barne bilerak egiten ari dira egunotan. Pakistango Atzerri Ministerioko bozeramaile Tasnim Aslamek bi aldetako herritarrak elkartzea baimenduko duen proposamen bat prestatzen ari direla jakinarazi zuen atzo: «Zatituta dauden familiak elkartu ahal izateko, samina partekatu ahal izateko eta elkar lagundu ahal izateko lanean ari gara». New Delhiri aurki proposamen formal bat aurkeztuko dio Islamabadek.
Indiako Atzerri Ministerioko bozeramaile Navtej Sarnak muga irekitzeko asmoarekin bat egiten dutela baina proposamen zehatzak jakin nahi dituztela adierazi zuen.Indiak eskainitako erreskate taldeak baztertu ditu orain arte Pakistanek.