Migratzaileak

Asilo eskatzaileak legez kanpo atxikitzea egotzi diote Hungariari

Europako Justizia Auzitegiak hartu du erabakia, mugan gelditzera behartutako afganiar eta irandar talde batek jarritako salaketaren ondotik.

Mugako polizia migratzaileak zeramatzan hegazkin bat miatzen, Kallosemjenen. ZSOLT CZEGLEDI, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko maiatzaren 14a
12:38
Entzun

Hungariako Gobernuaren aurka jo du Europako Justizia Auzitegiak, iritzita legez kanpo atxiki dituztela migratzaileak. Afganistan eta Irandik joandako talde batek jarritako kexaren ondotik etorri da erabakia. Migratzaileak Serbia eta Hungaria arteko mugan harrapaturik geratu ziren; igarotze eremuan asilo eskatzaileentzat prestatutako gune batean lehenik, eta hirugarren herrialdeetatik doazen eta euren babes eskaerak ukatuak izan direnentzako beste batean gero.

Luxenburgoko auzitegiaren iritziz, haiei «askatasuna ukatzearen parekoa» da han uztea, ezin baitute gunea «legez» utzi, eta Serbiara joanez gero zigortuak izango lirateke: galdu egingo lukete errefuxiatu estatusa lortzeko aukera.

Europako legediaren arabera, nazioarteko babesa eskatzen dutenek eta deportatu zain dauden hirugarren herrialdeetako herritarrak ezin dira atxikiak izan beste herrialde batera ezin joateko arrazoi hutsagatik. «Atxiki egin zituzten, hori egiteko arrazoien inguruko azalpenik edo neurriaren proportzionaltasunari buruzko argibiderik eman gabe».

Atxikitzearen iraupenari buruz, auzitegiek zehaztu dute gehienez ere lau astekoa izan behar duela, asilo eskariari buruzko erantzuna jaso arteko epea, alegia. Horiek hala, migratzaileak aske uzteko eskatu diote Hungariari, edo atxikitzea ez den beste irtenbideren bat bilatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.