Parisko kaleak jendez gainezka agertu dira gaur, gobernuak deitutako manifestazioa dela eta. Antolatzaileen arabera, milioi eta erdi pertsona inguru izan dira bertan. Manifestazio historikotzat jo dute askok atentatuak gaitzesteko egindakoa; izan ere, baziren 25 urte Frantziako estatuburu batek halako manifestazio batean parte hartzen ez zuela. "Paris munduko hiriburu gisa zutituko da gaur", iragarri du François Hollandek.
Protestan parte hartu dute nazioarteko estatuburu eta gobernuburu ugarik, besteak beste, Alemaniako kantziler Angela Merkelek, Erresuma Batuko lehen ministro David Cameronek, Israelgo presidente Benjamin Netanyahuk eta Palestinako Aginte Nazionaleko buru Mahmud Abbasek.
Euskal Herritik ere joan da ordezkaritzarik. Jaurlaritza, Aralar eta Eusko Alkartasuna bertan izan dira.
Horiek hala, segurtasun neurri zorrotzak ezarri ditu gobernuak hiriburuan. Orotara 2.000 poliziak eta 1.350 militarrek zaindu dute martxa, Errepublikaren plazatik irten eta Nazioaren plazan amaitu den arte.
Manifestazio buruak ez du pankartarik eraman. Aldiz, martxan Charlie Hebdo-ren aldeko eta muturreko islamismoaren aurkako hainbat afixa ikusi dira, baita gaitzespen eta elkartasun oihuak entzun ere.
Protesta amaitutakoan atentatuetako biktimen senideekin bildu da Hollande.
Elkartasun mezuak mundu osotik
Frantziako hiriburuan ez ezik, beste hainbat txokotan ere protesta ekintzak antolatu dituzte atentatuak salatzeko. Bruselan, esaterako, 2.000 pertsonatik gora espero dituzte. Israelgo hiriburuan, berriz, eguerdian egin dute elkarretaratzea Jerusalemen.
Antzeko deialdiak izan dira Australian, Suitzan eta Erresuma Batuan ere.
Kontrol zorrotzagoa aurrerantzean
Parisko atentatuek ondorioak eragingo dituzte milioika herritarren egunerokoan. Izan ere, halakoak gehiago gerta ez daitezen segurtasun neurriak indartzea hitzartu dute nazioarteko agintariek Frantziako hiriburuan. Besteak beste, Europako barne ministroek eta AEBetako segurtasun arduradunek adostutako puntuen artean daude Europako Batasuneko mugetako kontrolak zorroztea eta "atzerriko borrokalariei" buruzko informazioa partekatzea.
Horretaz gain, zenbait estatuk nabarmendu dute hegaldietako bidaiarien erregistroak osatzeko beharra, betiere, "pribatutasunerako eskubidea urratu gabe".
Frantziako Barne ministro Bernard Cazeneuveren esanetan, neurri horiek guztiak "oinarri objektiboen arabera" hartuko dira, eta "oinarrizko askatasunak bermatuz". Hala, Cazeneuvek iragarri du Interneteko zaintza ere zorroztuko dutela, sare sozialetan aritzen diren enpresekiko elkarlana bultzatuz: "Adierazteko gune bat da sarea, baina hark ere legeak bete behar ditu".
Neurriok joan den astean Parisen egindako bi atentatuen ondotik etorri dira, Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren aurkakoa bata eta koxer denda baten kontrakoa bigarrena. Hain zuzen ere, bigarren horretan parte hartu zuen Amedy Coulibalyrena izan daitekeen bideo bat aurkitu berri du Poliziak. Bertan "kalifatuaren soldadu" gisa deskribatzen du Coulibalyk bere burua, eta Kouachi anaiekin elkarlanean aritu zela aitortzen du.