Myanmar. Azafrai Iraultzaren ondoren

Askatasunaren atzeragoardian

Azafrai Iraultzak huts egin eta lau urtera, Myanmarko gisa askotariko taldeak Thailandia iparraldetik ari dira Junta Militarraren kontrako borroka aurrera eramaten.

Zigor Aldama.
Mae Sot
2011ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Thiha Yarzarrek ondo iltzatua du bere bizian abenduaren 23a. Halako egun batez jaio zen, 1965ean, eta halakoxe egun batez, baina 2008an, mundu honetara itzuli zen berriro, 21 urtean gerra eta terrorea sufritu eta gero. Izan ere, Yarzar izan zen Myanmarko diktadurari aurpegi ematea erabaki zuten lehenbiziko ikasleetako bat. Junta Militarreko jeneralek bestela bataiatu zuten Birmania: Myanmar. Gobernu horrek diruaren balioa gutxitzea erabaki zuenean, amorrua zabaldu zen lehendabiziko aldiz, milaka pertsonari diru xehe bihurtu baitzitzaizkien aurrezkiak. Yarzarrek eta beste hogei ikaslek, bada, protesta gutun bat sinatu zuten 1987an. Espero izatekoa zenez, gutun hark ekarri zion kartzelako lehen egonaldia.

Kalera itzuli zen berriro, 1988ko otsailean, eta, handik hilabete eskasera, lan handia ematen hasi zen berriro ere. Orduko hartan, 8888 deritzoten iraultza handiaren atarian, gazte gehiagok parte hartu zuten: 141ek, hain zuzen. Eta zerbitzu sekretukoek berehala jarri zioten prezioa haien buruari: «Hasieran, Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi izandakoaren etxean ezkutatu nintzen, U Than-enean; gero, Thailandiara ihes egin behar izan nuen». Han, mugimenduko inteligentzia militarraren agintea hartu zuen. 1988ko abuztuaren 8an, kaleak manifestariz bete ziren lehenengo, eta odolez gero. Irailaren 18an, plater-kapeladunek estatu kolpea eman zuten. Inor ez zen harritu. Itzalpean geratu zen borroka, berriro ere.

1991n, Yarzarrenak egin zuen. Pistola bat eta bere aktibismoaren adierazgarri ziren hainbat agiri atzeman zizkioten. «Bi hilabetean torturatu egin ninduten. Eutsi egin nion, baina epaitu egin ninduten, abokaturik ere ez nuela, eta heriotza zigorra ezarri zidaten». Epaia aldatu egin zioten handik bi urtera, eta bizi guztiko kartzela zigorra ezarri.

Zakurrentzako kaiola batean ere eduki zuten Yarzar. 2007ko Azafrai Iraultza gertatu ondoren —monje budistek izan zituen buru, eta hura ere armadak zanpatu zuen—, nazioartearen eraginari esker, hamar urtera jaitsi zioten kartzela zigorra, eta 2008ko abenduaren 23an besarkatu ahal izan zuen askatasuna. Eta alaba. «Azkenekoz ikusi nuenean, hiru hilabete zituen, eta, berriro elkartu ginenean, adinduna zen».

Yarzarrek ezin izan dio eutsi alabarekiko harremanari. Uniformedunek Rangunen ezinbizia ekarri ziotenez gero, Mae Sotera ihes egitea erabaki zuen; Thailandiako hiri hori Myanmarren mugakide da, eta hantxe du egoitza ExPPact-ek, preso politiko izandakoei laguntza ematen dien erakundeak. Yarzarren gisara, ehun bat izango dira herri txiki horretara bildutako preso ohiak. Nabarmena da, ordea, Yarzar ezin aritu dela aholkularitza lanean bakarrik. Beste hainbat aberkiderekin batean, atzeragoardian antolatzen dute borroka Mae Soten.

«Myanmarren daudenen euskarri gara; informazioa bildu, eta mundu zabalean banatzen dugu. Iheslarien eskubideen alde ere borrokatzen gara, Thailandiak samaldaka aberriratu nahi baititu orain, muga berriro ireki ahal izateko eta diru emariari bide egiteko», salatu du Yarzarrek.

Iheslarien bederatzi esparrutan —karen gutxiengo etnikoko lagunek osaturikoak gehienak—, 150.000 lekualdatutik gora daude, eta NBEk ohartarazi du berebiziko giza krisia eragin dezakeela haiek guztiak aberriratzeak. Diktadurapean dagoen lurraldean, berriz, aurtengo abuztuan 1.994 pertsona zeuzkaten giltzapetuta, beren aktibismo politikoagatik; halakoak dira AAPPB Birmaniako Preso Politikoen Laguntzarako elkarteak eginiko kalkuluak: «Azafrai Iraultza izan eta gero, are okerragoa da egoera, baina oso gaitza da hori frogatzea, prentsak ez baitu sarbiderik presoak pilatuta dauzkaten kartzeletan», azaldu du Min Minek, gobernuz kanpoko erakundearen Kanpo Arazoetarako Batzordeko kide eta bost urtean preso politiko izandakoak.

Orain, besteak beste, nazioarteko komunitatea kontzientziatzea du zereginetako bat. Ez da langintza makala. Kazetari atzerritarrak ditu munduko politikariekiko lotura nagusi. AAPPBren egoitzaren eraikin ezkutu batean hartu ditu, non beheko solairuan konfinamendu gela bat baitute irudikatua. Hormigoizko espazio soil bat da, leiho batek bakarrik urratua, eta pixontzi batentzako tokia baino ez duena. Bilur batzuk daude hormatik zintzilik; eta preso jantzia, lurrean zabaldurik. «Gure asmoa da bisitan datozkigunei beren larruan sentiaraztea nola bizi diren milaka errugabe», adierazi digu Minek.

Eta sentiarazten diete, sentiarazten dietenez. Nahikoa eta gehiegi da gela ñimiño horretan bost minutuan giltzapetuta egotea, bisitariak izugarrizko larritasuna senti dezan. Gelatxo horretatik kanpo, berriz, askotariko izugarrikerien lagin bat dute esperoan, lehengo aho-gazia erabat garrazterainokoa. Argazki basa askoak dituzte hormetan itsatsiak, Myanmarko erregimenak 8888 iraultzaz geroztik baliaturiko zapalkuntzaren erakusgarri: soin atal bereiziak, monje umiliatuak, emakume bortxatuak, eta abar eta abar eta abar. Bestaldeko horman, Azafrai Iraultzaren ostean hildako edo desagertutako monjeen eta aktibisten erretratuak ageri dira, hogei urtean ezer aldatu ez delako adierazgarri.

«Baliatu zure askatasuna gurea sustatzeko»; hala dio bideo batean, urdaila uzkurtzeko gisan, Aung San Suu Kyik, Liga Demokratiko Nazionaleko buruzagi eta 1991ko Bakearen Nobel saridunak. Etxeko atxiloaldian atxiki zuten hamar urtean baino gehiagoan, eta, Minek dioenez, hura askatu eta gero «atzerriko prentsak arreta handiagoz erreparatzen dio Myanmarko egoerari, baina erregimenarentzako gogaikarriegi izan gabe, oraindik ere».

AAPPBkoek adierazi dutenez, Myanmarko militarrak estutu ordez, hauek estutu beharra dago orain: batetik, Txinako erregimena, beste edozein baino gehiago baitago nazioarteko komunitatearen begiradapean; eta, bestetik, ASEAN Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Erkidegoko kideak, horko partaide baita Myanmar ere: «Txina eta ASEAN askoz ere sartuagoak daude mundu globalizatuan, eta, horregatik, nekez izkin egin diezaiokete diktadore barbaroekin negozioak izateak berekin dakarren ospe gaiztoari», egin du gogoeta Minek.

Denek ez dute diplomaziaren bidetik jo, ordea, Mae Soten. Badira aurrez aurreko borrokaldien alde egin dutenak ere, beren helburuak lortzeko asmoz. Horietako askok, hala nola Mya Dohwahek —karen gutxiengo etnikokoa—, beren estatu propioa lortu nahi dute, Myanmarko Batasunetik bereizitakoa. Dohwahek 26 urte ditu, eta KNU Karen Batasun Nazionalaren sare barruan dauden erakunde ugarietako bateko kide da. Gerrillari talde bat da KNU, eta gobernuaren tropen kontra borrokatzen da oihan batean, Mae La iheslarien esparru handitik gertu.

Banbuz eta zurez egindako txabola batean du egoitza KSNG Karen Ikasleen Sareak. Txabola barruan, ageri-agerian dituzte elkartearen asmoak, eta KNUko buruzagi errebeldeen erretratuak dituzte areto nagusiaren buru, karen estatuaren bandera gorri-zuri-urdinaren ondoan. Diskurtsoa adiskidetsuagoa dute. «Guk eskatzen dugu etnia bakoitzak gainerako guztien eskubide berberak izatea, eta askatasuna. Herrialdeko hainbat eremutan, debekatuta dago eskolak karen hizkuntzan ematea ere; huskeria bat, kontuan izanik jazarpen etengabea jasaten dugula».

Mae Laen geratzea erabaki du Dohwahek, nahiz eta beste herrialde batean bizitzen jartzeko modua baduen, iheslari politiko gisa; Mae Laen, eskolak ematen dizkie landa aldean jaiotako haurrei, ez baitakite beren herrialdearen berri, ez eta beren aberkideek zergatik dabiltzan borrokan mugaz bestaldean. «Oraintxe, borroka berbera dira Aung San Suu Kyirena eta geurea»; hala erantzun du, galdetu diogularik erresistentziako talde guztiak zergatik ez diren elkartzen indar handiagoa izateko. «Oso bestelako helburuak bete nahiko ditugu askatasuna lortu eta gero. Horrexek bereizten gaitu».

Kan Man Khanen ustez, dena dela, ez dute arrakastarik izango helburu komun baten alde lan egin ezean. Karen etniako monje budista horrek 37 urte ditu, eta, Azafrai Iraultzan parte hartu eta gero, Mae Laen babestu zen. «Oso itxaropentsu geunden. Uste genuen zilegi zela aldaketa bat eta, behingoagatik, munduak ez zigula bizkarra emango. Baina oker geunden», adierazi du, begiratuan tristura ezagun duela. «Monjeok ahalegindu ginen esku hartzen, 1988ko sarraskien parekorik gerta ez zedin. Baina alfer-alferrik izan zen. Oraintxe bertan, ez dut uste aldaketarako aukerarik dagoenik. Oposizioan handiegia da zatiketa; beldurra da nagusi, eta ez da itxaropen apurrik geratzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.