Askatasunaren Flotillan lapurtu zuen soldadu bati kartzela zigorra ezarri dio Israelek

Gazara bidean dira nazioarteko 380 ekintzaile, blokeoa arintze aldera; Siriako portu batean daude

Erredakzioa
2010eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Israelek bost hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio soldadu bati Askatasunaren Flotillan parte hartu zuen ontzi batean lapurtzeagatik. Auzitegi militar batean epaitu dute soldadua, eta, kartzela zigorraz gain, 140 euroko isuna ezarri diote. Haaretz egunkariaren arabera, defentsak eta akusazioak adostutako akordioari esker, isuna arindu diote militarrari, baina, trukean, ezin izango dumailan gora egin -ofizial izateko trebatzen ari zen soldadua-. Mavi Marmara itsasontzian lapurtu zuen militarrak; aitortu du Ashdod hiriko portuan zenean egin zuela lapurreta, eta bertatik objektu elektronikoak ebatsi zituela. Epaia eman ondoren damua agertu eta oker jokatu zuela onartu du militarrak.

Gazako blokeoa salatzeko nazioarteko hainbat erakundek eta ekintzailek sustatutako ekimena izan zen Askatasunaren Flotilla. Israelek nazioarteko uretan eraso zien ontziei, eta bederatzi ekintzaile turkiarren heriotza eragin zuen. Maiatzaren 31n izan zen erasoa, eta, orain, bost hilabete geroago, beste giza konboi bat antolatu dute. Orotara, nazioarteko 380 ekintzaile daude bidean; Askatasunaren Flotillan zihoazen hainbat ekintzaile tartean. Latakia Siriako hirian daude ontziak, abiatzeko zain, eta, besteak beste, autoak, giza laguntza eta botikak eraman dituzte. Kevin Ovenden konboiko arduradunaren hitzetan, iristeko irrikaz daude, «palestinarrak ahaztu ez ditugula jakin dezaten». Israelek 2007an ezarri zion blokeoa Gazari; Hamasen eskuetan gelditu zenean.

Bi hildako Gazan

Israelek, bien bitartean, eremua bonbardatzen jarraitzen du. Igandean ustezko bi ekintzaile hil eta beste bi zauritu zituen Gaza Hirian. As Sudania auzoan egin zituen bonbardaketak, eta, armadak ohar baten bidez jakinarazi duenez, misilak jaurti nahi zituzten ekintzaileak ziren hildakoak. Miliziek aurten 165 misil jaurti dituztela salatu du armadak.

Hamasek eta Al Fatak, bestalde, bihar egitekoa zuten bilera atzeratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.