Askatasunaren Ontzidiko giza ekintzaileek «azkenera arte» eutsiko diote

Nazioarteko ekintzaileek jakinarazi dute Greziak itsasoratzeko baimena eman artean portuetan egongo direla

Erredakzioa
2011ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Ez dutela amore emango. Askatasunaren II. Ontzidiko giza ekintzaileek ekimenari azkenera arte eutsiko diotela jakinarazi dute. Greziako Gobernuak itsasoratzeko baimena eman artean portuetan egongo direla zehaztu dute. Orotara hamar ontzi daude herrialdeko hainbat portutan bidaiari ekiteko zain. Gazara joatea dute asmoa, palestinarrei 5.000 tona giza laguntza eramateko. Nazioarteko 45 herrialdetako 50 ekintzaile daude ontzietan.

Greziak, baina, ukatu egin die ateratzea, iazkoaren pareko eraso bat gertatzea saihestu nahi duela argudiatuta. Grigoris Delavekouras Kantzelergoko bozeramaileak esan du giza laguntza beraiek eramateko prest daudela, baina ekintzaileek uko egin diote eskaintzari, «bahitua» dituztela eta egoera «onartezina» dela salatuz.

Espainiari kritikak

Gernika ontzia da geldiarazita eta poliziez setiatuta dagoen ontzietako bat. Lau euskaldun daude bertan, eta atzo kritika gogorrak egin zizkioten Espainiako Gobernuari. Edorta Jimenez idazleak 36ko gerran portu errepublikanoek jasan zuten blokeoarekin parekatu du egoera, orduan ere blokeatu egin baitzituzten giza laguntza irits ez zedin. Europako Batasuneko estatu kideen «demokrazia faltsuak» ere salatu dituzte; Espainia eta Greziako gobernuek, berriz, «gobernu sionistarekiko menpekotasuna» dutela eta «interes ekonomikoetara saldu» direla uste dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.