Frantzia

Aske geratu da Valerie Bacot, bere erasotzailea hiltzegatik auzipetutako emakumea

2017an atxilotu zuten Bacot, lehenik ugazaita eta ondoren senarra izan zuena hiltzeagatik. 12 urte zituenetik jasan zituen haren abusuak. Epaimahaiak lau urteko zigorra jarri dio, baina ez du espetxera joan beharko.

Valerie Bacot, artxiboko argazki batean. CHANGE.ORG
arantxa elizegi egilegor
2021eko ekainaren 25a
21:03
Entzun

Mende laurdenez jasan zituen Valerie Bacotek lehenik ugazaita eta ondoren bikotekide izan zuen gizonaren erasoak, 12 urte zituenetik, tiroz hil zuen arte. 2017an atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Daniel Poletteren hilketagatik. Urtebete egin zuen espetxean Bacotek, eta behin-behinean aske utzi zuten. Astelehenean hasi zuten haren aurkako epaiketa Chalon-sur-Saoneko epaitegian, eta gaur amaitu da. Errudun jo du epaimahaiak, eta lau urteko kartzela zigorra ezarri dio, baina horietatik hiru bete beharrik gabe; horrez gain, tratamendu bat jarraitu beharko du hiru urtez. Hala, eta aurrez behin-behineko espetxealdian urte bat egina duenez, aske eta lekukoen txalo artean irten ahal izan du auzitegitik.

Fiskaltzak ere bost urteko kartzela zigorra eskatu du, baina horietatik espetxean bakarra igaro dezala galdeginez. Akusazioko abokatuak onartu du bere bikotekidearen «biktima» izan zela akusatua. Bezperako saioan deklaratu zuten psikologoek ere argi utzi zuten Bacotek ez zuela «senarra hil beste aukerarik».

Polette ugazaita zuenean hasi ziren erasoak, Bacotek 12 urte zituela, eta ordutik etengabeak izan ziren. 17 urterekin haurdun geratu zen Bacot, eta amak etxetik bidali zuen. Hala, haurdun eta nora jo ez zekiela, ordurarte ugazaita izan zuenarekin joan zen bizitzera. Lau seme-alaba izan zituen Poletterekin, bortxaketen ondorio, eta azken urteetan prostituitzera behartu zuen. «Bacotek ez zuen hil behar izutzen zuen gizona, baina ez dugu ahaztu behar zer egin zion Daniel Polettek, eta hori kontuan hartu behar dugu zigor eskaria egiterakoan», adierazi du Eric Jallet fiskalak. Akusazioaren eskaria entzun duenean konortea galdu zuen Bacotek.

Erantzuleak

Azken urteetan Bacotek jasandakoa ekarri du gogora Janine Bonaggiunta defentsako abokatuak,eta nabarmendu beste batzuk izan zirela gertatutakoaren erantzuleak: «Bacotek ez zukeen hemen egon behar, berak [Polettek] egon behar zukeen; bera zen bortxatzailea, bera proxeneta. Hari lagundu zioten guztiek ere hemen egon beharko zuketen, Bacoten gurasoek, instituzioek».

Bonaggiuntak gogora ekarri du Polettek urtebete egin zuela etxetik kanpo, sexu eraso batengatik zigortu zutenean. «Baina aske geratu zenean otsoa artegira itzuli zen, eta guztia berriz hasi zen». Amak etxetik bidali zuenean, Poletterekin bizitzera joan zen Bacot, baina erasoak ez ziren eten. «Komunean ezkutatzen zen, haurrek ikusi ez zezaten. Ezin zuen ezer egin, beldur zen salaketa jartzen bazuen zer gerta zitekeen», gaitzetsi dun abokatuak.

Bacotek hasieratik aitortu du Polette hil izana, baita azaldu ere hark alaba bortxatuko zuen beldur zelako egin ziola tiro. «Ez zuen bere buruaren defentsan egin, ez zukeen inoiz halakorik egingo beregatik, baina bai alabarengatik, hura babestearren egin zuen. Ez zen ohartu Polette hil zuenik gorpua ikusi zuen arte», azaldu du Bonaggiuntak. Abokatuaren esanetan, hainbat herrialdetan emakumeek tratu txarrak jasan dituztela frogatzen denean, ez dute egun bakar bat ere igarotzen espetxean: «Guk ere aurrera egin beharko genuke».

Bacot errugabe jotzeko eskatu du Nathalie Tomasini abokatuak ere, eta aurrekari bat ezartzeko eskatu dio epaimahaiari: «Epai honek bidea zabaldu behar die Bacoten antzeko egoeran dauden emakumeei. Aurrera egin behar dugu».

Auzi saioaren amaieran, akusatuak berak hartu du hitza eta barkamena eskatu die bai bere seme-alabei, baita Poletteren senideei ere, eta esan du «aurrera egin ahal izatea» dela bere helburu bakarra, «gertatutako guztia gainditzeko».

Jacqueline Sauvagerenaren antzekoa da Bacoten kasua. Tomasini eta Bonaggiunta izan ziren Sauvageren abokatuak ere. Emakumeari hamar urteko kartzela zigorra ezarri zioten bere senarra hiltzeagatik. Bacoten kasuan bezala, Sauvagek ere tratu txarrak jasotzen zituen. 2016an Frantziako presidenteak indultua eman zion eta genero indarkeriaren aurkako ikur bilakatu zuen. «Justizia sistema motelegia da, eta toleranteegia tratu txarrak eragiten dituztenekiko. Egoera hori da emakumeak beren erasotzaileak hiltzera bultzatzen dituena», azaldu du Bonaggiuntak AFP agentziari eskainitako elkarrizketan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.