Ainhoa Fernandez de Rincon, Enric Gonyalons eta Rosella Urru kooperanteak "baldintzarik gabe" aske utzi dituzte gaur Malin, iazko urritik bahituta egon ostean, Ansar al Din talde islamistako bozeramaile Sanda Uld Buanak esan duenez.
Fernandez de Rincon (Espainia) Saharar Herriaren Lagunen Extremadurako Elkarteko kooperantea da, Gonyalons (Herrialde Katalanak) Mundubat GKE gobernuz kanpoko erakundeko kidea —Bilbon bizi da— eta Urru (Italia) Herrien Garapenerako Italiako Batzordeko kidea.
Hiru kooperanteak Tindoufeko (Aljeria) Rabuni kanpamentuan lanean ari zirela bahitu zituzten. Izan ere, han hartzen dute ostatu Tindoufeko kanpalekuetan lan egiten duten atzerriko kooperanteek.
Erasoa gertatutako kanpaleku berean zen Alberto Jimenez kooperante nafarra.