Fredrik S. Heffermehl (1938) jurista, idazle eta itzultzaile norvegiarra da. Garai batean abokatu aritu zen, eta soldadu zibil, 1965etik 1982ra; 1980tik 1982ra, Norvegiako Humanisten Elkarteko lehen idazkari nagusi izan zen. Gaur egun, idazle independente dihardu, eta bake mugimenduaren aldeko eta arma nuklearren kontrako aktibista da. Oslo du bizileku eta lantoki.
Zuk diozu Nobel Sarien Batzordeak urratu egin dituela Alfred Nobelen testamentuko baldintzak, hark ezarri baitzuen saria. Nolatan?
Nobelen nahia zen bere sarien bidez mundua aldatzea, baina luze jo du, Bakearen sariak askoz ere gehiago lor baitzezakeen. Segurtasuna lortzeko bi moduren artean funtsezko hautaketa bat egitean datza saria. Nobelen nahia zen bere sariaren bidez geraraztea edonolako mesfidantzek, arma lasterketek eta botere jokoek eragindako gurpil zoroa. Nobelek bere asmoaren euskarri sortu zuen segurtasun kontzeptua, 1985ean; orduan utzi zuen idatzita bere asmoa, denboraz harago joan zedin: are, gaur egungo segurtasun diskurtsoaz harago. Lankidetza eta konfiantza izan behar dituzte oinarritzat nazio guztiek, arma lasterketa ezinago garestietan sartuta ibili ordez; segurtasunaz guztiz bestelako emaitzak dakarzkigu horrek.
Zer dela-eta gertatu da aldaketa Nobel sariaren inguruan?
Batzordekideak leial izan zaizkio Norvegiaren atzerri politikako asmoei -indar militarra eta Natorekiko leialtasun ia itsua-, Nobelen nahia errespetzateko betebehar legezkoari bainoago. Gizakien historiako tragedia bat da huts egin izana haren nahia ahalik eta ongien betearazten. Legezko agindua zuten saria erabiltzeko, hain zuzen, nazioarteko harremanetan boterearen legearen ordez legearen boterea baliatzeko ahaleginari laguntza erabatekoa ematen.
Nortzuk dira gaur egungo batzordekideak, eta nola hautatzen dituzte?
Norvegiako Parlamentuari dagokio bost batzordekideak hautatzea, eta haren legezko betebeharra da helburua ongien beteko duten batzordegaiak bilatzea eta hautatzea; Nobelek lortu nahi zuena bete ahal izateko egokienak behar dute izan. Horren ordez, berentzat gordetzen dituzte aulkiak. Zoritxarrez, halako joera gailendu da gerra ondorenean, orduan aldatu baitzuen bere jarrera Parlamentuak. 1945az geroztik, batzordeko ia kide guztiek ez dute begi onez ikusi Nobelen testamentuko asmoa. Gaur egun, Bakearen Nobel saria izenez baino ez da harena; benetako ondorioetarako, Norvegiako Parlamentuaren bake saria da.
Horrek azaltzen al du AEBetako gaur egungo presidente Barack Obama hautatzea iaz Bakearen Nobel saridun?
Adiskideak izendatzeko joera dute batzordeko politikariek. Estatuburu izandakoak dira gailen irabazleen artean, eta AEBak dira gehienetan garaile izan den nazioa -Norvegiarekiko politika leialtasunaren erakusgarri-. Lehiatik kanpo geratzen dira indar militarrak aldezten dituzten pertsonak, NATO eta nazioarteko legediaren araberako mundu baketsu eta armagabetu bat bideratzeko asmorik ez dutenak.
Zure liburuan diozu Alfred Nobelen asmoa zela bakearen txapeldunei (fredsförfäktare) ematea saria. Zein da aldea?
Haren testamentua azterturik, atzendutako adierazpide ezkutu bat aurkitu nuen: bakearen txapeldunak, batzordeak betidanik zokoratua. Nobelen nahia zen bake mugimenduaren proposamen bereziaren onurarako izatea saria; ez bakearentzat, oro har. Nire ikuspegi kritikoari aurre egiteko, batzordeak esan du bake kontzeptu propioaz baliatu izan direla beti; hori izango balitz bezala zuribidea. Guztiz alderantziz, adierazpen horrek berretsi egiten du hutsegite oinarrizko baten errudun direla: ez dute beren sari propio bat sortu, baizik eta Nobelen nahiaz jabetu dira. Eginkizuna da zehaztea zein den testamentu egilearen asmoa, eta gero asmo hori ahalik eta ongien aldeztea eta betetzea.
Zer iruditzen zaizu Liuri Bakearen Nobel saria?
Argi dago giza eskubideen alde aritzeak bakearen alde aritzea dakarrela; armagabetzearen aldeko ahalegina saritzeko eratu zuen Nobelek. Liu Xiaoborekiko errespetu osoz, Bakearen Nobel saria dagoeneko harena ez dela adierazten duen beste adibide bat da; Norvegiako Parlamentuaren bake saria da. Giza eskubideen eta demokraziaren alde aritzeko, pobretasuna gutxitzeko eta ingurumena babesteko, batzordeak hauxe egin beharko luke: bihotz-bihotzez aldeztu Nobelek sustatu nahi zuen ahalegina, nazioarteko harremanak aldatzeko eta indar militar nazioanalak baliogabetzeko asmoz.
Beraz, zer egin beharko lukete?
Batzordekideak jakin beharko lukete zein helburu duen sariak: onartzea legez kanpo hautatu dituztela, eta Parlamentuaren esku uzten dutela batzorde bat hautatzea, legearen arabera; alegia, testamentuko asmoarekin bat datorrena. Bestelako azterketa prozesu bat ezarri beharra dago, batzordeko zeregina betetzeko egokiak diren hautagaien zerrenda mugatu bat izan dezan Parlamentuak, kontuan izanik zein den sariaren helburua. Auzi askoren eraginez, galzorian dago Nobelen ondarearekiko errespetua. Nire ustez, Nobel fundazioak hobe du goitik behera berrikustea zein zen Nobelen benetako asmoa, zer-nola bete izan den iraganean eta etorkizunean zer-nola ekar diezaiokeen onurarik handien gizateriari. Ez dut ukatuko, ezin harrigarriagoa iruditzen zait ni neu izatea lehenbizikoa sariaren edukiari buruzko azterketa legezko bat egiten. Testamentu bat, azken batean, lege lanabes bat da. Eta ez dut hau egiten legezko agindu on bat betzearren, baizik eta gizateriari eman dakiokeen saririk handientzat daukadalako bakearen saria; asmo bikainegia da, politikari ezgai batzuek alferrik gal dezaten. Bere garaiaz harago joan zen Nobel; behar bada, gaurko egungo orainaz baino askoz ere harago. Sari garrantzitsua zen haren garaian; gaur egun, hil edo biziko kontu bat da.
«Asmo bikainegia da politikarien ezgaitasunagatik alferrik galtzeko»
Bakearen Nobel sariek hasierako izpiritua galdu dutelakoan dago Heffermehl; horregatik, oso kritiko da haiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu