Rafael Correa Ekuadorko presidenteak adierazi du 'Assange auzia' argitzeko zenbait estrategia juridiko artzertzen ari direla, artean Nazio Batuen Erakundera edo Hagako auzitegira jotzea. Aurretik Erresuma Batuarekin eta Suediarekin elkarrizketarako bide guztiak agortu nahi dituztela esan du Correak, eta kasua "hitzez konpontzea" espero duela.
Elkarrizketaren bidea ez da, ordea, hain erraza izango. Erresuma Batuak behin eta berriz berretsi du ez diola baimenik emango Julian Assange Wikileaksen sortzaileari Ekuadorrek Londresen duen enbaxadatik irten eta Hego Amerikako herrialde horretara joateko. "Behartuta gaude Assange Suediara estraditatzera. Gure asmoa betebehar hori betetzea da". Ekuadorrek, bestalde, Erresuma Batuko Gobernuarekin hitz egiteko, "ezinbestekotzat" jo du hark egindako mehatxua bertan behera uztea.
Assangeri babes politikoa emateko duen eskubidea defendatu du Quitok eta nabarmendu Assange Londresko enbaxadan egon ahalko dela nahi beste denbora. Enbaxadatik kanporatzea hiru egoeratan bakarrik gertatu daitekeela dio Correak: Erresuma Batuak igarobaimena ematen badu, Assangek babes politikoari uko egiten badio edota Ekuadorrek babesa kentzen badio. Azkeneko aukera babes politikoa ematera bultzatu zuten baldintzak aldatzen badira bakarrik gertatu daiteke presidentearen esanetan.
Diplomazioa alorrean babes garrantzitsuak jaso dituztela nabarmendu du Ekuadorrek. Hain zuzen, Unasur Hego Amerikako Nazioen Batasunak eta Alba Amerikako Herrientzako Aliantza Bolivartarrak babesa erakutsi diote Ekuadorri. Ostiralean aliatu gehiago biltzen saiatuko da Quito. Egun horretan larrialdiko bilera egingo du AEE Amerikako Estatuen Erakundeak auzia aztertzeko. "Erresuma Batuarengan mundu mailako presioa egitea borroka diplomatikoaren parte da", adierazi du Correak.
Suediarekin elkarlanean aritzeko prest dago Ekuador
Correak azaldu du ez diotela inoiz Suediko justiziarekin elkarlean aritzeari uko egin, Ekuadorrek eta ez Assange berak ere. "Fiskalak Londreseko enbaxadan egin diezaioke galdeketa Assangeri", dio presidenteak. Suediara joan aurretik eskatzen duten bakarra AEBetara estraditatuko ez dutela bermatzea da Correaren esanetan. "Erresuma Batuak eta Suediak halakorik zihurtatu ez dutenez, Ekuadorrek babes politikoa eskainiko dio Assangeri", berretsi du.
Berriki, Assangek ere adierazi zuen prest dagoela Suediara joateko eta bertako justiziak egozten dizkion sexu delituengatik epaitua izateko, beti ere, Suediak AEBetara estraditatuko ez dutela bermatzen badu. Izan ere, Wikileaksen sortzailearen abokatuek esan dute, hura Suediara bidaliz gero handik AEBetara estraditatzeko eta Guantanamoko espetxera eramateko "benetako arriskua" dagoela. Ezkutuko materiala argitaratzeagatik bizi guztiko espetxe zigorra ezar diezaioke AEBetan.
Cecilia Riddselius Suediako Justizia Ministerioko nazioarteko elkarlanerako zuzendariordeak adierazi du Suediak ez duela AEBetara estraditatuko Julian Assange, han heriotza zigorra jartzeko arriskua baldin badago. "Ez dugu inoiz estraditatuko heriotza zigorrarekin mehatxatutako pertsona bat", esan du Riddseliusek. Azaldu duenez, Wikileaksen sortzailearen balizko estradizio baten aurretik, AEBek Suediari bermatu beharko lioteke ez dutela presoa "hilaraziko". Riddseliusek nabarmendu du AEBek ez dutela inolako prozesu formalik abiatu Suediari Assangeren estradizioa eskatzeko.
Bitartean, Assange Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan dago. 623 egun daramatza atxilo —orain bi hilabete sartu zen Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan; aurretik etxean egon da atxiloturik—, eta 625 egun pasa dira Wikileaksen kontrako blokeo ekonomikoa ezarri zutenetik.