MUNDUA

Assangeren mezua enbaxadatik

Wikileakseko sortzaileak agerraldia egin zuen atzo Ekuadorko enbaxadako balkoian, Londresen; Barack Obama AEBetako presidenteari bere aurka eta Wikileaksen aurkako "sorgin ehiza" bertan behera uzteko eskatuz. Assange Suediako Justiziaren aurrean deklaratzeko prest agertu da, baina prozesu judizialean berme batzuk eskaintzen badizkiote bakarrik. Ekuadorrek egindako "mehatxua" alboratzeko eskatu dio Erresuma Batuari. 

2012ko abuztuaren 20a
09:53
Entzun

Julian Assange Wikileakseko sortzaileak agerraldia egin zuen atzo Ekuadorko enbaxadako balkoian, Londresen. Barack Obama AEBetako presidenteari eskaera zuzena egin dio Assangek: bere aurka eta Wikileaksen aurkako "sorgin ehiza" bertan behera uzteko. Rafael Correa Ekuadorko presidentearentzat, aldiz, esker oneko hitzak izan ditu Assangek eta emandako babes politikoarengatik. "Prentsa mehatxatu eta isilarazi nahi duten mundu batean bizi gara", esan du. 

Assangek azaldu duenez, Erresuma Batuko Polizia Ekuadorko enbaxadan sartu zen asteazkenean baina bera atxilotzeko asmoa bertan behera utzi zuten kanpoaldean zaleak eta komunikabideak "zelatan" zeudelako. "Barnetik Polizia entzuten nuen baina banekien ez zirela sartuko, lekukoak zeudelako, mundua gu zaintzen ari delako", azpimarratu du kazetari australiarrak. Zaleei emandako babesa eskertu die eta horiek etengabean txalotu dituzte Assangeren hitzak. 

Scotland Yardek azkar erantzun du eta Assangeren hitzak "gezurra direla adierazi. "Polizia ez zen embaxadan sartu, eta ez zuen sartzeko saiakerarik egin", adierazi du bozeramailea batek. .

Assangek hitz egin aurretik, Baltasar Garzon defentsa abokatua izan da komunikabideen aurrean. Horrek azaldu duenez, Assange Suediako Justiziaren aurrean deklaratzeko prest dago baina prozesu judizialean berme minimo batzuk eskaintzen badizkiote bakarrik, alegia, AEBetara estraditatuko ez dutela sinatzen badute. 

Egindako "mehatxua" alboratzeko eskatu dio Ekuadorrek Erresuma Batuari

Ricardo Patiño Ekuadorko atzerri ministroak azaldu du ezinbestekoa da Londresek Ekuadorko enbaxadan "indarrez sartzeko egindako "mehatxua" alboratzea, elkarrizketari heldu ahal izateko. 

Hegoameriketako gainontzeko herriek emandako babesa azpimarratu du Patiñok. ALBA Amerikako Herrientzako Aliantza Bolivartarrak jada babesa eman dio Quitori, eta auzi honetan Londresek jarrera oldarkorra erakutsi duela salatu du. UNASUR Hego Amerikako Nazioen Batasuneko herrialdeek ere babes osoa erakutsi diote Quiotori. 

AEE Amerikako Estatuen Erakundearen urgentziazko bilera batera deitu dute datorren ostiralerako, Quitok hala eskatuta. AEBek, Kanadak eta Trinidad eta Tobagok bileraren aurka bozkatu badute ere, erakundearen gehiengoak babestu egin du Ekuadorren eskaera. Jose Miguel Insulza erakundeko idazkari nagusiak esan du ez duela baztertzen bilera horretan Ekuadorren enbaxada babesteko neurriak hartzea. 

622 egun "ihesean"

Wikileaksen sortzaile Julian Assangek Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan jarraitzen du. 622 egun daramatza atxilo Assangek —orain bi hilabete sartu zen Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan, aurretik etxean egon da atxilo— eta 625 egun pasa dira Wikileaksen kontrako blokeo ekonomikoa ezarri zutenetik. 

Suediako Gobernua haserre agertu da herrialdeko justiziaren inguruan zabaldu den irudia dela eta. Quitok babes politikoa onartu dio Assangeri, hark adierazi bezala Suediara estraditatzen badute AEBen esku gera daitekeela argudiatuta. Fredik Reinfeldt Suediako lehen ministroak, baina, ukatu egin du Wikileaksen sortzailea Washingtonen esku uzteko ezkutuko planik dagoela, eta Suediako justizia independentea dela nabarmendu du.

Suedian eginiko ustezko sexu delituengatik epaitu nahi dutela adierazi du Stockholmek. Wikileaksen sortzailearen abokatuek esan dute, ordea, hura Suediara bidaliz gero handik AEBetara estraditatzeko eta Guantanamoko espetxera eramateko "benetako arriskua" dagoela. Esan dute ezkutuko materiala argitaratzeagatik bizi guztiko espetxe zigorra ezar diezaioketela han.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.