Bigarren ahaleginean ere ez du lortuko Pere Aragonesek Kataluniako Generalitateko presidente bihurtzea. Inbestidura saioa egingo dute bihar parlamentuan, baina joan den ostiraleko egoera berbera errepikatuko da, JxC Junts per Catalunya ez baita bere posiziotik mugitu. Abstenitu egingo dela erabaki du alderdi horren batzorde exekutiboak gaur goizean, uste baitu ez dela aurrerapenik izan negoziazioetan. «Zoritxarrez, oraindik ez dugu legealdirako akordiorik, eta ezin diogu aldeko botoa eman Aragonesi», aurreratu du Elsa Artadi bozeramaileak. Erabakia «aho batez» hartu dutela zehaztu du.
Maiatzaren 26ra arteko epea daukate alderdi independentistek ados jartzeko, hauteskundeak errepikatuko baitira ordurako akordiorik ez badago. Artadik ziurtatu du ez direla ari hain epe luzera begira, eta «seguruena» datozen egunetan bat egingo dutela ERCk eta CUPek egindako akordioarekin. Biharko plenora hautagai moduan ez aurkezteko eskatu zion Albert Batet JxCko eledunak Aragonesi pasa den ostiralean, argudiatuta ez zegoela modurik hain tarte txikian ados jartzeko. Ildo beretik jo du gaur Artadik, eta adierazi du «agian hobe litzatekeela» ERCko hautagaia biharko saiora ez aurkeztea, jakinda huts egingo duela, eta negoziazioetan aurrera egiten saiatzea.
Marta Vilalta ERCko bozeramaileak ere hitz egin du biharko plenoaren inguruan, behin JxCren erabakia jakin ostean. «Erantzukizun keinu bat» izateko eskatu dio Vilaltak Carles Puigdemonten alderdiari, eta Aragones izendatzen lagundu dezala. Horretarako, «gainditu ezin den oztoporik» ez dagoela uste du Vilaltak, eta adibidetzat jarri du Errepublikaren Kontseilua, erakunde horrek gaur jakinarazi baitu prest dagoela bere «gobernantzaz eta funtzioez» eztabaidatzeko. Hain justu, bi alderdiek erakunde horren inguruan duten ikuspuntu desberdinak trabatu egin ditu negoziazioak. Independentismoaren barneko alderdi guztiek Errepublikaren Kontseiluan ordezkaritza izatea nahi du ERCk, eta horiek koordinatzeko espazioa izatea. JxCk, aldiz, erakundeak prozesu independentistaren lidergoa izatea nahi du, eta hark izatea pisu handiena estrategia erabakitzerakoan. Erakunde horrek gaur argitaratu duen agiriak eztabaida hori gainditze bidean jarri duela uste du Vilaltak: «Oztopo bat bazen, desagertu egin da. Irtenbidetik hurbilago kokatu gaitu».
Horrenbestez, bihar bertan Aragones izendatzea posible dela azaldu du Vilaltak. Azken desadostasunak datozen egunetan eztabaidatu nahi ditu, behin akordioa itxita. Kontrakoa da JxCren estrategia, ordea; lehenengo legealdi akordio bat erdiestea eta ondoren Aragones presidente izendatzea, alegia. Artadik ziurtatu du berriz ere hauteskundeak egitea eragotziko dutela, eta Aragones ez den hautagairik ez dutela aurkeztuko. Hala ere, presidente kargua Aragonesi ematetik harago joango den akordio bat lortu nahi dute, eta horretarako baliatu nahi dute akordioa lortu arteko tartea.