AEBetako errepublikanoen primarioetako hautagaiek indarra hartu nahi dute Washingtoneko caucus-etan, datorren asteko astearte handira begira. Mitt Romney Massachusettseko gobernadore ohiak du indar gehien hartzeko aukera, azken inkesten arabera; bozen %37 jasoko dituela uste dute. Nolanahi ere, Rick Santorum muturreko kontserbadorea ez da urruti ibiliko, bozen %32 lor baititzake, inkesten emaitzen arabera. Bart egin ziren bozetan Ron Paul eta Newt Gingrich, berriz, atzerago geratzea espero da; %16ko babesarekinPaul, eta %13koarekin Gingrich.
Estatu moderatua da Washington, Alderdi Demokrataren gotorlekua. Presidentetzarako azken sei hauteskundeetan demokraten alde bozkatu du gehiengoak Washingtonen, eta azken zazpi gobernadoreak ere demokratak izan ditu. Gaur ez da ordezkaririk banatuko AEBetako ekialdeko estatuko caucus-etan, baina Romneyk garrantzia eman nahi izan dio bozketari. «Asteartean hainbat estatutan egingo dira bozak, baina zuek lehenak zarete, eta zuren ahotsa guztiek entzungo dute».
Oraingoz, guztira 154 ordezkari pilatu ditu Romneyk, eta Santorum du atzetik, 69 ordezkarirekin. 1.144 ordezkari lortu behar dituzte euren hautagaitza ziurtatzeko, eta datorren asteko astearte handian 419 ordezkari jokatuko dituzte aldi berean hamar estatutan egindako primarioetan.
Ordezkariak pilatuz
Washingtonen garaipena lortuz gero, hautagaitza sendotuta iritsiko litzateke Romney mormoia astearte handira. Alaskan, Georgian, Idahon, Massachussetsen, Ipar Dakotan, Ohion, Oklahoman, Tennesseen, Vermonten eta Virginian neurtuko dituzte indarrak errepublikanoen lau hautagaiek datorren asteartean, eta badirudi Romneyk lor dezakeela ordezkari gehien, Rasmussen Reports etxearen azken inkestaren arabera hura baita herrialde osoan hautesleen hautagairik gogokoena, Santorumi hamasei punturen aldea ateraz.
Astearterako indarra hartu nahi du Romneyk Washingtonen
Inkesten arabera, bozen %37 jasoko ditu Romneyk eta %32 Santorumek; ez dago ordezkaririk jokoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu