Mundua

Asteazkenean hondoratutako ontziko 112 hilotz atera dituzte uretatik

Jaled Muyahid Egiptoko Osasun ministroaren arabera, gaur 55 gorpu topatu dituzte, eta orotara 112 dira uretatik ateratako hilotzak. 163 lagun onik atera zituzten, eta, haien arabera, "ehunka" lirateke itsasoan itotakoak.

2016ko irailaren 23a
14:37
Entzun

Herenegun Egiptoko kostaldean hondoratutako ontzian 550 pertsona zihoazen, baina erreskatatutakoak soilik 163 dira. Rosetta hiritik hamabi bat kilometrora hondoratu zen ontzia, eta orain arte 112 hilotz atera dituzte itsasotik. AFP agentziaren arabera, ustezko lau giza trafikatzaile atxilotu dituzte.

Frontex Europako kanpo mugak zaintzeaz arduratzen den agentziak egunotan ohartarazi du gero eta gehiago direla Egiptotik Europarako bidean ateratzen diren ontziak. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, 10.000 pertsona baino gehiago hil dira Mediterraneoan 2014. urtetik.

BBC Erresuma Batuko telebistako berriemailearen arabera, bost egunez egon da ontzia itsasoan. Egunetik egunera gero eta migratzaile gehiago igoarazten zituzten ontzira. Azkenean, 150 pertsonako talde bat ontziratzean hondoratu da. Egiptoko erreskate zerbitzuei egotzi diete motel erantzutea larrialdi deiei; inguruko arrantzaleek atera dituzte uretatik bidaiari gehienak.

Nazioarteko Gurutze Gorriaren Federazioak herrialdeei egotzi die errefuxiatuen krisian neurri nahikoak ez hartzea. "NBEn promesak egin dituzten herrialdeek neurri zehatzak ezarri behar dituzte bizitzak eta gizakien duintasuna salbatzeko", adierazi du Amelia Marzal Gurutze Gorriaren Afrika iparraldeko arduradunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.