TV3ek aurreratu duenez, datorren asteazkenean onartuko dute Erreferendumerako Legea, hilaren 6arekin, eta Junts Pel Siko eta CUPeko diputatuen botoekin, segurua da aurrera aterako dela. Horrenbestez, urriaren 1ean egingo den erreferendumerako dekretua onartzeko aukera izango du presidenteak. Kataluniako Gobernuak ez du jakinarazi noiz egingo duen hori, baina litekeena da asteazkenean bertan egitea.
Espainiako Gobernuak ere hartuko du ekimena. Behin eta berriz esan du ahal duen guztia egingo duela galdeketa egin ez dadin, eta auzitegietarako bidea baliatzen ari da horretarako. Legea onartu bezain pronto Espainiako Auzitegi Konstituzionalean helegitea jarriko duela iragarri du. Konstituzionalak gaur jakinarazi du datorren asteazken eta ostegunean bilduta egingo dela. Hark helegitea tramiterako onartuko balu, behin-behinean baliogabetuta geldituko litzateke Kataluniako Legebiltzarrak onartutako legea. Nolanahi ere, Kataluniako Gobernuak esana du, auzitegiak auzitegi, aurrera jarraituko dutela erreferendumarekin.
Legea gai ordenan sartuta eta legebiltzarkideek bozkatuta onartuko denez, Espainiako Gobernuak nahikoa izango du Ministroen Kontseilua batzea Konstituzionalera jo aurretik. Bestela, Kataluniako Gobernuak legea dekretuz onartuko balu, Estatuko Kontseilua elkartu beharko luke PPk helegitea jartzeko. Edonola ere, badirudi PPk zehaztuta dauzkala urratsak era batera zein bestera azkar jokatzeko, helegitea legea onartu eta "ordu batzuetara" aurkeztuko dutela iragarri baitu.
Espainiako Gobernuaren jarrerak ez duela bidea oztopatuko berretsi du gaur Jordi Turull gobernuko bozeramaileak. Radio Euskadin elkarrizketa egin diote, eta esan du Kataluniako herriak baino ezin duela inhabilitatu Kataluniako Gobernua. Horrexek kezkatzen ditu, "Kataluniako herriari ez huts egiteak". "Oso ondo dakigu zertarako aukeratu gintuzten". Kataluniaren etorkizuna bertako herritarrek erabakiko dutela azpimarratu du, "eta ez auzitegiek".
Erreferendumerako legea sinatzeak berari ekar diezazkiokeen arazoei buruz galdetu diote, eta esan du berarentzat legea sinatzea "ohorea" dela eta ez arazoa.