SIRIAKO GERRA

Astebeteko epean erasoak etetea adostu dute Errusiak eta AEBek

Akordioak ez du eraginik izango Estatu Islamikoaren eta Al-Nusra Frontearen aurkako borrokan. Giza laguntza zabaltzea ere hitzartu dute, eta 24 orduko epean has litezke laguntza hori eramaten.

Sergei Lavrov, John Kerry eta Staffan de Mistura, akordioaren berri ematen. SVEN HOPPE / EFE
2016ko otsailaren 12a
12:03
Entzun

Atzo arratsean, Munichen (Alemania) elkartu ziren Siria Laguntzeko Nazioarteko Taldea osatzen duten herrialdeak, eta bertan hitzartu zuten astebeteko epean erasoak etetea eta giza laguntza zabaltzea. Talde horretan daude, besteak beste, Ameriketako Estatu Batuak, Errusia, Turkia, Iran, Saudi Arabia, Qatar, Egipto, Frantzia, Alemania eta Erresuma Batua.

Sei orduko negoziazioen ostean jarri dira ados. Siriako Gobernuak ez dio akordioaren aurrean erantzunik eman; oposizioko koalizioak, ordea, ontzat jo du.

John Kerry AEBetako estatu idazkariak eta Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak, elkarrekin egindako agerraldi batean, azaldu dute konpromisoa hartu dutela indarkeria astebeteko epean eteteko, "anbizio handiko helburua" betetzeko. Menia horretatik su-eten "iraunkor" baterako urratsa nola egin zehazteko, Nazio Batuen Erakundean lantalde bat osatuko dute Errusiak eta AEBek zuzenduta, Kerryk azaldu duenez.

Gainera, taldea osatzen duten kide guztiek konpromisoa azaldu dute Sirian zibilen artean giza laguntza berehala zabaltzeko. Akordioa gehien kaltetutako eremuetan hasiko dira ezartzen, Kerryren arabera.

Lavrovek, berriz, azpimarratu du Errusia eta AEBak buru dituen koalizioa militarki koordinatzeko asmoa dela aurrerapauso nagusia: "Aldaketa kualitatiboa da, aspaldi eskatzen ari ginena eta orain txalotzen duguna".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.