Afrikatik eta Ekialde Hurbiletik datozen etorkinentzako helburu nagusi izaten jarraitzen du Italiak. Zenbakiak dira horren froga: ostiralaz geroztik soilik 4.000 etorkin inguru atzeman dituzte kostazainek Italiako uretan. Asko, ordea, bidean geratzen dira. Gaur bertan, sei gorpu aurkitu dituzte eta 360 etorkin erreskatatu ditu Italiako armadak, Lampedusako kostaldetik gertu. Larunbatean, berriz, beste 300 etorkin zeramatzan egurrezko ontzi bat hondoratu eta soilik 15 aurkitu zituzten bizirik.
Egoera honen aurrean, Mediterraneoko herrialdeei laguntzeko eskatu die Europako Barne komisario Cecilia Malstromek EBko estatu kideei: "Laguntza eskatu nahi diet estatu kideei etorkin eta asilo eskatzaileen gorakadari aurre egiteko, eta batez ere EBtik knapo dauden errefuxiatu kanpalekuetako jendea birkokatzeko". Italiako Barne ministro Angelino Alfanorekin biltzekoa da Malstrom etzi etorkinen gaiaz hitz egiteko.
Italiak Mare Nostrum operazioa jarri zuen abian iaz, 366 etorkin itota hil ostean. Erromaren arabera, egunean 300.000 euroko kostua du operazioak herrialdearentzako. Baina Matteo Renziren gobernua ez dago prest kostu horri luzaroan eusteko. Ondorioz, oharra luzatu dio Bruselari: "Milaka bizitza salbatu ditugu eta orain EBk aurre egin behar dio mugen arazoari, Horren kargu egiten ez bada, Italiak erabakiak hartu beharko ditu".
Baina, operazioaren kostu ekonomikoa ez da Italiaren arazo bakarra, izan ere, Lampedusako etorkinentzako zentroetan dagoeneko ez dago jende gehiagorentzat tokirik. Iaz, dagoeneko, gobernuz kanpoko hainbat erakundek salatu zituzten hango zentroetan zeuden etorkinen osasun baldintza txarrak. Berez Lampedusako zentroan 850 pertsonarentzako dago tokia, eta duela urte batzuk arte 48 orduz egoten ziren bertan, kontinentera eraman arte. Egun, ordea, askoz ere etorkin daude bertan, eta askok hilabeteak egiten dituzte zain.