Asteburuko segadaren gunean FARCeko 33 kide hil ditu Kolonbiako armadak

Iparraldeko Arauca departamentuan 11 soldadu hil zituzten taldekoak zirela adierazi du Santos presidenteakAstelehenean bahituak askatzeko prozesua hasiko da, Cordoba bitartekariaren arabera

mikel rodriguez
2012ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Iragan larunbatean Kolonbiaren iparraldeko Arauca departamentuan ustez FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrek egindako segadari erantzun gogorra eman dio armadak: ustezko 33 gerrillari hil ditu, eta bertze bortz atxilotu. Juan Manuel Santos presidentearen arabera, joan den asteburuan 11 soldadu hil zituen taldekoak dira erasoa jasan duten ustezko ekintzaileak. Juan Carlos Pinzon Defentsa ministroak nabarmendu duenez, berriz, azken bortz urtean FARCek eraso bakarrean pairatu duen hildako kopuru handiena izan da. Gertakari horiek gerrillaren bahituak askatzeko prozesua abian denean izan dira.

Larunbateko erasoak eztabaida sortu du Kolonbiako herritarren sektore batean, hildako 11 soldaduen trebakuntzaren inguruan zalantzak sortu baitira, borrokarako egoki prestatuta ez zeudelakoan. Energia instalazioak zaintzea zen horien ardura, eta landa gune batean eraso zieten. Gobernuak, ordea, errotik moztu nahi izan du eztabaida, ekintza ikusgarri batekin. Iturri militarren arabera, lehenik hegazkinek FARCen Hamargarren Frontearen kanpamentua bonbardatu zuten herenegun arratsean, eta, ondoren, eliteko soldadu taldeek eraso zieten. Bortz atxilotuen artean Hamargarren Fronteko buruzagiordea dagoela erran du Sergio Mantilla jeneralak. Juan Vicente Carvajal Misael dela adierazi du, eta zaurituta dagoela. Armadaren arabera, duela 29 urte sartu zen FARCen.

Azken eraso horrekin, armadak FARCeko ustezko 36 gerrillari hil ditu denera Araucan 24 orduan, eta bertze bederatzi atxilotu. Izan ere, eraso handiena hasi baino ordu batzuk lehenago ustezko bertze hiru ekintzaile hil eta lau atxilotu zituzten militarrek. Armadak Guillermo Saenz Alfonso Cano FARCeko buruzagia hil zuen iazko azaroan, eta, ordutik, Rodrigo Londoño Timochenko medikua da gerrillako burua.

«Gerra baten erdian»

Armadak erasoa egin ondoren jakinarazi du Piedad Cordoba senatari ohiak heldu den astelehenean hasiko dela FARCek gatibu dituen hamar soldadu eta poliziak askatzeko prozesua. Araucan gertatutako erasoek horretan eraginik ez izatea espero du Cordobak. «Erabaki bat hartuta dago, eta FARCek bere hitza emana du, hau da, martxoaren 26an askatuko dituztela. Badakigu gerra baten erdian entregatuko dituztela, baina espero dugu deus ere ez gertatzea». Gobernuaren aldetik, berriz, Cordobak dio FARCek gatibuak askatuko dituen eremuan operazio militarrik ez egiteko konpromisoa duela. «Ez dut uste gobernuak erreskateak egiteko interesa duenik. Data bat dago gatibuak askatzeko, eta errespetatu eginen du». Hiru egunen buruan askatuko dituztela jakinarazi du Cordobak, baina ez du zehaztu non.

CCP Bakearen Aldeko Kolonbiarrak elkarteko kidea da Cordoba, eta gobernuaren eta FARCen artean bitartekari aritu da. Duela hilabete jakinarazi zuenFARCek ez duela bahiketa gehiago eginen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.