BESTE BATASUNA

Asteko kronika

2005eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
LARUNBATA
Sardinia: Alkateen Konfederazioak Cagliari Eskualdeko presidente Renato Sorurekiko eta Eskualde Kontseiluko presidente Giacomo Spissurekiko sostengua berretsi zuen, diru bilketa publikoan eta finantzaketa legean zeresan handiagoa izan nahi baitute sardiniarrek. Heldu den astean auzapez guztiak bilduko dituzte, mobilizazioak egitea aztertzeko.

IGANDEA
Bretainia: Lesnevenen (Finistere, Penn-ar-Bed), ikastetxe pribatu bat erre zuten goizaldean. Herriko auzapezak, ordea, erreketa Frantziako hainbat hiritan egunotan izandako erreboltarekin lotzeari uko egin zion.

ASTELEHENA
Eskozia: COSLA Eskoziako Tokiko Agintarien Konbentzioak «lotsagarri» iritzi zion desfile gatazkatsuen inguruko debekuak ahalbidetzeko egitasmo ofizialari. COSLAren esanetan, planak ez die udalei martxak eragozteko botereak emango, tokiko komunitateek haiek ez egiteko eskatu arren. Batez ere orangisten eta irlandar errepublikanoen aldekoen desfileak dira polemika sortzaile.

ASTEARTEA
Herrialde Katalanak: Agli ibaiak gainezka egiteak eragindako uholdeen ondorioz, bi pertsona hil ziren Rosellon (Ipar Katalunia). 1.000 pertsona inguru beren etxeetatik aterarazi zituzten, bereziki Ribesaltesen.

ASTEAZKENA
Galizia: Astelehenean Espainiako Guardia Zibilak atxilotutako AMI Assembleia da Mocidade Independentistako (Gazteria Independentistaren Asanblea) 10 kideak aske utzi zituzten, Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzeri uko egin ondoren. Besteak beste, «terrorismoa goratzea», kale istiluak eragitea eta kutxa automatikoak erretzea leporatzen zieten. Abertzaleek atxiloketak «konotazio politikoak» zituztela salatu zuten.

OSTEGUNA
Herrialde Katalanak: Mossos d'Esquadrak 44 ikasle atxilotu zituen Bartzelonan, Espainiako LOE hezkuntza legearen aurkako manifestazioaren ondotik. Ikasketa publikoen pribatizazioaren kontra 4.500 ikaslek egin zuten protesta.

OSTIRALA
Korsika: Eraikitzen ari ziren oporretarako bi etxetan bonba bana leherrarazi zuten goizaldean Sagona herrian (hegoaldea). Inork ez zituen hartu erasoak bere gain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.