Iheslarien krisia

Ateak ixteari prezioa jarri nahi dio Bruselak

Krisi egoeran errefuxiatuak hartzeko larrialdiko sisteman parte hartu nahi ez duten estatuek diru kopuru bat ordaindu beharko dute hartzen ez duten iheslari bakoitzeko.

Errefuxiatu siriarrak Erromako Fiumincino aireportuan. TELENEWS / EFE
2016ko maiatzaren 4a
08:15
Entzun

Iheslarien auziak eragin duen krisiari nolabaiteko irtenbidea aurkitu asmoz, horiek hartu nahi ez dituzten estatuei aukera bat eskaini die Europako Batzordeak. Hala, egitasmoaren arabera, krisi garaietan martxan jarriko litzatekeen banaketa mekanismoan parte hartu nahi ez, eta iheslariei ateak itxi nahi dizkieten Gobernuek diru kopuru bat ordaindu beharko dute hartzen ez duten migrante bakoitzeko. Era horretan, asilo eskatzaileak hartzeko konpromisoari uko egin ahalko liokete hala nahi duten estatuek.

Horretaz gain, proposamenaren arabera, Asilorako Europako Agentzia indartuko litzateke estatu kideetan aurkeztutako eta onartutako asilo eskaera guztiak kudeatu ahal izateko. Era horretan, herrialde bakoitzak duen presioa neurtuko litzateke, eta asilo eskaera kopurua iheslariak hartzeko herrialde baten ahalmenaren erdira iritsitakoan martxan jarriko litzateke larrialdi mekanismoa. Estatu batek har dezakeen iheslari kopurua, berriz, haren biztanleria eta BPGa kontuan hartuta ezarriko dute.

Proposamena ez da oraindik finkoa. Izan ere, aurrera egingo badu, 28 estatu kideen eta Europako Parlamentuaren babesa behar du. Dena den, eta aurrera egingo balu sistema horren bidez eskuratutako dirua iheslariak hartzen dituzten estatuen artean banatzea da Bruselaren asmoa.

Kontrolak, beste sei hilabetez

Bestalde, Schengen eremuko kontrolak beste sei hilabetez luzatzea proposatu du Europako Batzordeak. Alemaniak, Austriak, Danimarkak, Frantziak, Suediak eta Norvegiak ere —ez da EBko kidea, baina bai Schengengoa— ezarri dituzte kontrolak mugan. Kontrol horiek sei hilabeteko muga dute, ordea, eta luzapenik onartu ezean maiatzean amaituko lirateke.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.