GREZIA

Atenasen bahitutako bidaiarietatik hamabi askatu dituzte bahitzaileek

Errusiara alde egiteko hegazkina eta milioi bat euro eskatu dituzte bi albaniarrek

Erredakzioa
2004ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Bi bahitzaile albaniarrek Atenas erdigunera zihoan autobus bat bahitu zuten atzo goizaldeko 06:40ean (Euskal Herriko ordua). 26 bidaiari zihoazen ibilgailuan. Baina bahiketa hasi eta hamar ordura, 12 aske zeuden. Bi bahitzaileak, gizonezkoak, Pikermi herriko geltokian igo ziren autobusera. Handik minutu gutxira autobuseko gortinak itxi eta airera tiro egin zuten. Gerakasen geldiarazi zuten autobusa, Pikarmitik kilometro gutxira. Hasierako nahasteaz baliatu, eta gidariak, bidaiari batek eta begiratzaileak ihes egitea lortu zuten.

Bahitzaileakbertako irrati batekin jarri ziren harremanetan, bidaiarietako baten eskuko telefonoa erabiliz, eta autobusa Atenasko nazioarteko aireportura eramango zuten gidari bat eskatu zuten. Hori lortuz gero, emakumezko bidaiariak askatuko zituztela esan zuten. Bahitzaileek milioi bat euroko bahisaria ere eskatu zuten. Dirua jaso arte ez zituztela bidaiari gehiago askatuko iragarri zuen haietako batek. Bahisaria gaur jasoko duten itxaropena dute bahitzaileek.Stella Matara izeneko bidaiariak egin zituen bahitzaileen bozeramaile lanak. «Aireportura iristean, Errusiara eramango dituen hegazkin bat nahi dute. Orduan askatuko dituzte beste bahituak», azaldu zuen Matarak. Haren esanetan, bahitzaileek armak eta dinamita zuten, eta «oso urduri» zeuden. Zenbait iturriren arabera, agintariek ez zuten bahitzaileen eskariak betetzeko asmorik, hori eginez gero egoera okertu zitekeelakoan. Bestalde, Atenasko Olinpiar Jokoetarako prestatutako Terrorismoaren Aurkako Unitateak inguratua zuten autobusa. Costas Karamanlis Greziako lehen ministroak ere bertan behera utzi zuen Bruselara egitekoa zuen bidaia, bahiketa zela eta.

Jatorria

Hasieran bahitzaileak errusiarrak zirela zabaldu zuten komunikabideek. Baina, ondoren, albaniarrak zirela argitu zuten. Polizia iturrien arabera, segurtasun indarrak nahastea zen bahitzaileen helburua, era horretan beraiek nortzuk ziren jakin ez zedin.

Errusia eta Albaniako enbaxadetako ordezkariak ere hurbildu ziren autobusa dagoen tokira, bahitzaileak nongoak ziren jakiteko ahaleginean. «Bahitzaileen %99 albaniarrak direla esan du Poliziak eta horregatik etorri naiz hona», azaldu zuen Bashkin Zeneli Albaniako enbaxadoreak. Greziako fiskal nagusia ere bertaratu zen.Autobusa gelditu zen lekuaren inguruan merkataritza gune bat, McDonals bat, tabernak eta gasolindegi bat daude. Merkataritza gunea irekita zegoen ordu horretan. Ondorioz, Poliziak barruan zegoen jendea eraikinaren atzeko aldetik atera zuen.Segurtasun indarrek autobusaren inguruan jarri zituzten autoak, eta han zeuden kazetariei urruntzeko eskatu zieten. Baina bahitzaileek autobusa leherrarazteko mehatxua egin zuten, Poliziak handik alde egiten ez bazuen. Euren eskaerak bete ezean bidaiariak hilko zituztela mehatxatu zuten.

Kezka eta beldurra

Bidaiarien lagun eta senideak autobusa zegoen lekura hurbildu ziren, gerta zitekeenaren beldur. Lehenengo askatu zuten bidaiaria 50 urte inguruko gizon bat zen. Erietxera eraman behar izan zuten, bihotzeko arazoak zituelako. Haren emaztea ere autobusean zihoan. «Ez zait axola nortzuk diren, ez eta zer nahi duten ere. Emaztea aske geratzea da arduratzen nauen bakarra», esan zuen.

Olinpiar Jokoez geroztik, segurtasun indarrak «terroristen erasoei» aurre egiteko bereziki prestatzen dira. Hala ere, atzokoa ez zen izan Grezian bahiketa bat egiten zuten lehen aldia. 1999az geroztik bost bahiketa egin dituzte. Horietako hirutan, bahitzailea hil egin zuen Poliziak. Azken bahiketa iazko martxoan izan zen. Orduan greziar batek hegazkin turkiar bat bahitu zuen.

-

Bost bahiketa lau urtean





1999ko maiatza: 25 urteko gazte albaniar batek autobus bat bahitu zuen Grezia iparraldean. Albaniaraino eraman zuen autobusa. Zortzi bidaiari bizirik atera ziren. Bahitzailea eta bidaiarietako bat hil egin ziren, Poliziarekin izandako borrokan.

1999ko uztaila: Grezia iparraldean autobus bat bahitu zuten. 780.000 dolarreko bahisaria eta Albaniara joateko baliabideak eskatu zituen bahitzaileak. Poliziak autobusa geldiarazi, eta 30 orduz itxaroten egon ostean, ibilgailura igo eta bahitzailea tiroz hil zuen.

2000ko uztaila: Gizonezko txekiar batek itsasontzi batean zeuden familia bat eta kapitaina bahitu zituen. Marokora iristea zen haren helburua. Kostazainek hil egin zuten bahitzailea.

2000ko azaroa: Adineko japoniarrez betetako autobus bat bahitu zuen greziar batek. Bahiketa arazorik gabe amaitu zen, bederatzi orduren ondoren.

2003ko martxoa: Hegazkin turkiar bat bahitu zuten. Bahiketa bertan behera geratu zen, Greziako lehen ministroak bahitzailearekin hitz egin ostean. Ez zen inor zauritu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.