Nazioarteko albiste agentziek zabaldu dutenez, ohikotan baino polizia gehiago ikusten da Aljerko kaleetan. Agintariek uste dute Mendebaldeko herrialdeen enbaxadek arrisku handia dutela erasoen jomuga izateko, eta, beraz, eraikin horietan biderkatu egin dituzte segurtasun neurriak.
Gaur jakin denez, Aljeriako segurtasun zuzendari nagusi Ali Tunsiren etxe aurrean 500 kiloko lehergailua topatu du Poliziak, hiriburuko Hydra auzoan, dinamitaz osatutakoa. Auto baten barruan zegoen lehergailua eta atzo atzeman zuten, atzoko eztanden ondoren. Orduantxe indargabetu zuten.
Bi atentatu handik astindu zuten atzo Aljeriako hiriburua: bonba-auto bat zartarazi zuten Gobernuaren egoitzaren atarian, eta beste hiru Bab Ezzuar auzoko polizia etxe baten ondoan. Ondorioz, gutxienez 24 lagun hil ziren eta 222 inguru dira zaurituak.
Magrebeko Al Kaedak hartu ditu bere gain erasoak, eta hiru ekintzaile suizidak egin zituztela zehaztu. Jerusalemdik Andaluziara (Espainia) bitarteko lur eremua berenganatu arte ez direla bakean izango esaten dute Interneten jarri duten ohar batean. Magrebeko Al Kaeda izena hartu duten talde hori GSPC Predikazio eta Borrokarako Talde Salafista zen lehenago.
Mundua
Atentatu gehiagoren beldur dira Aljeriako agintariak
Segurtasun zuzendari nagusiaren etxe aurrean 500 kiloko lehergailua topatu du Poliziak. Abdelaziz Buteflika presidenteak segurtasun arduradunekin batzarra egin du bart, alerta egoera ezartzeko eta segurtasun neurriak areagotzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu