ATENTATUA ERRUSIAN. Etengabeko gerran

Ipar Kaukasoko gatazkek ez dute etenik; Txetxeniakoa da oraindik bizien dagoena, baina Dagestanen eta Inguxetian ere borrokak etengabeak dira.

2010eko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Ekialdeko Asiak eta mendebaldeko Europak ez ezik, kuh eta kafsp hitzek egiten dute bat Kaukason -mendi zuria da, pertsieraz-. Munduko giza geografia anitzenetakoa du bere baitan. Horregatik, pusketatak balira, herrialdeak ageri ditu alde banatan; iparraldean txikienak. Errusiar Federazioaren mugen baitan daude gaur egun Ipar Kaukasoko herrialdeak. Sobiet Batasunarenak izandakoak dira denak, lehenago tsarren mende egondakoak. Gatazkak etenik gabe bizitakoak ondorioz. Hasi Dagestandik, eta Adigeara arte gatazkak bizi dituen herrialderik ez bada, haietan egindako sarraskiek borrokarako ahaleginak hil dituelako izango da -Adigeako genozidioan, milioitik gora bizilagun zituen herrialdea 80.000 biztanleko bihurtu zuten tsarrek-.

Gaur egun Txetxeniakoa da bizien dagoen gatazka armatua; baina harekin muga egiten duten Dagestanen eta Inguxetian ere ez dute etenik borrokek. Haatik, guztiek dituzte harreman korapilatsuak, Errusiarekin ez bada Georgiarekin. Moskuko atentatua gertatu berritan asko hara begira jarri dira.

1. Txetxenia

Txetxeniako gerrilla garaituta zuelakoan, iazko apirilean, Errusiako Gobernuak amaitutzat jo zuen terrorismoaren aurkako operazioa. Bakanak izanda ere, haatik, gerrillak hainbat eraso egin ditu ordutik. Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegiten ari zela aldarrikatu zuen Txetxeniak independentzia, 1991n. Hiru urte beranduago bidali zituen Kremlinek soldaduak hara, agintea indarrez berrezartzeko.

Txetxeniako lehen gerra izan zen hura, Moskuren umilaziorako, soldaduen erretiratzearekin amaitu zena, 1996an. Handik hiru urtera, baina, bigarren ahalegina egin zuen Vladimir Putinek Txetxeniara 30.000 soldadu bidalita.

Luze jo du bigarren gerra horrek. Ofizialki iaztik amaituta bada ere, salbuespenezko egoera etengabean den herrialdea baita. Gerran ihesi joandako 200.000 lagunetik gehienak ez dira itzuli etxera oraindik; eta Errusiaren aldeko gobernuak indarra nahierara erabiltzen jarraitzen du. Txetxeniako gerrilla izan da, halaber, bere mugetatik kanpo atentatu sonatuenak egin dituena. 2004an, Beslango eskolan egindakoa (Ipar Osetia) kasu.

2. Dagestan

Txetxeniako egoerak zuzenean eragin izan du Dagestanen. Errusiak hara soldaduak bidali zituenean, ekintzaile islamistek Dagestango korridorea baliatu zuten gerrilla hornitzeko. 1999an muturreko hainbat ekintzaile islamistek bat egin zuten Txetxeniako gerrillarekin. Estatu islamikoa ezartzea zen euren helburua; Errusiako soldaduek aise zapaldu zituen, ordea. Asko dira musulmanak Dagestanen; haatik, Ipar Kaukasoko herrialde anitzena da etnia eta hizkuntzaren aldetik. Kaspio Itsasora ematen duelako geopolitikoki gune garrantzitsuan dago.

3. Inguxetia

Inguxetiako presidente Iuns-Bek Ievkurov larri zauritu zuten iazko ekainean. Orain gutxi, haatik, Errusiako soldaduek Alexander Tikhomirov Inguxetiako ekintzaileen buruzagia hil dute. BiakInguxetiako errealitatearen sintoma dira. 2004an jo zuen goia gatazkak han, eta adituen ustez, Txetxenian gerrilla estutu ahala egiten du Inguxetian ere egoerak okerrera. Lotura handiko herrialdeak baitira biak; hango bizilagunek harreman historiko, kultural eta linguistiko estuak dituzte oraindik ere. Sobiet Batasunaren baitan herrialde bakarra osatzen zuten; Josiv Stalinek, nazien kolaborazionista izateaz akusatuta, Asia erdialdera kanporatu zituen hango bizilagun denak, 1944an.

Sobiet Batasunari Ipar Kaukasoko mugak egokitzea otu zitzaion urte haietan. Inguxetiarrei Ipar Osetiako zenbait lur eman zizkieten. Mugak berriro marrazten hasita, sobietarrek beste gatazka bati eman zioten bide; Pridgorodoko borrokak horren lekuko.

4. Ipar Osetia

Historikoki Ipar Kaukasoko gainontzeko herrialdeek baino harreman hobeak izan ditu Ipar Osetiak Moskurekin. Bera da, halaber, herrialde industrializatuena.

5. Hego Osetia

Sobiet Batasuna desegin eta etnien arteko gatazkak eragiten lehenengoetakoa izan zen Hego Osetia; ordutik Georgia aurrez aurrez izan du. Harremanak are okerrera egin zuten 2008ko abuztuan, Georgiako soldaduak Hego Osetian sartu zirenean, eta Errusiak atzera, indarrez egotzi zituenean handik.

6. Kabardino-Balkaria

Bitan dago banatuta Kabardino-Balkaria; batean kabardinoak dira nagusi, bestean balkariarrak. Naziei laguntzen zietelakoan, 1944an Stalinek deserritu egin zituen haiek denak. Bi komunitateen arteko elkarbizitzak ez du gatazka sonaturik eragin, ordea. Dena dela, 1992an balkariarrek independentziaren alde bozkatu zuten. Errepublika berri baten aldarrikapenak, baina, ez zuen oihartzun handirik izan; Txetxeniaren sostengua bai jaso zuen.

7. Abkhazia

1993an egotzi zituzten abkhaziarrek Georgiako tropak herrialdetik. 200.000 georgiarrek ere handik irten behar izan zuten. 2008ko abuztuko gerran Errusiaren sostengua izan zuen. Independentzia ere aldarrikatuta du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.