Liublianka geltokian gertatu zen atzoko lehen eztanda, 07:56ean -bi ordu gutxiago Euskal Herrian-, eta 24 pertsona hil ziren; bigarrena 08:40an izan zen Park Kulturin, hamabost hildakorekin. Tren barruan leherrarazi zituzten bonbak, baina geldirik zeuden unean. Beraz, tren barruan nahiz geltokian zain zeuden pertsonak dira hildakoak.
KGB zenaren FSB Segurtasun Zerbitzu Federaleko egoitza nagusiaren azpian dago Liublianka geltokia, eta handik bideratzen den borroka armatuaren kontrako estrategia salatzeko leherrarazi dituzte bonbak, agintarien ustez. FSBko buruzagi Aleksandr Bortnikovek eman ditu hipotesien xehetasunak, eta bi atentatuek eredu bera jarraitu dutela argitu du. «Lehergailuak gorputzera itsatsirik zeramatzaten bi emakumek egindakoak dira, seguruenik Ipar Kaukasokoak».
Atentatua gertatu eta berehala beste bi emakumeren bila hasi ziren Errusiako segurtasun indarrak. Metroko kamerek grabatutako irudietan antzeman zutenez, bi ustezko suizidak beste bi emakumerekin sartu ziren metrora, Bortnikovek esandakoari helduz betiere.
Atentatuen ostean, nahasialdi izugarria egon zen, lekukoen arabera, gertatutakoa gutxi balitz bezala, zerbitzu sekretukoek sakeleko telefonia moztu baitzuten metro inguruan, bonba gehiago leherrarazteko arriskua egon zitekeelako. Metro geltokiak ustutzeari ekin ziotenean tentsioa areagotu egin zen. Hala ere, beste bonbarik bazen, ez dute halakorik baieztatu.
Putin haserre
Vladimir Putin Errusiako lehen ministroak berehalako erantzuna eman du «terroristak garbituko» dituztela esanez. «Seguru nago segurtasun indarrek kriminalak aurkitzeko eta zigortzeko ahalegin guztiak egingo dituztela. Izugarria izan da ondorioengatik, eta higuingarria zibilen kontra egindako krimenaren izaera».
Dmitri Medvedev presidenteak ere hitz gogorrak izan ditu gertatutakoaren ondoren: «Terrorea zapaltzeko eta terroristak amaitzeko politikarekin jarraituko dugu gure herrian. Amaierara arte duda egin gabe jarraituko dugu eginkizun horretan».
Azken aldian Ipar Kaukasoko ekintzaileen eta mugimendu independentisten kontrako kanpaina arrakastatsua egiten aritu direla azaldu izan dute agintari errusiarrek, baina horren erantzuna Moskura bidera zezaketeelako kezkatuta ere egon dira.
Ipar Kaukasoko ekintzaile islamistei egotzi zieten ere iazko azaroan San Petersburgo eta Mosku lotzen dituen Nevski trenean jarritako bonba, zehazki Aleksandr Tijomirovi buruzagiari - Said Buriatski, ezizenez-. Atentatu hartan 28 pertsona hil ziren. Buriatski otsailean, Inguxetian, Errusiako segurtasun indarrek hil zituzten hogei ekintzaileen artean zegoela esaten dute, eta hari egozten diote ekintzaile suizidak errekrutatzea.
Otsailean bertan, Doku Umarov buruzagi txetxeniarrak «operazio militarren gunea Errusiara zabalduko» zutela esan zuen: «Gerra bere hirietara heltzen ari da». Hori esan ondoren, Moskuko metroa itxi zuten, eta segurtasun indarrek hiria miatu zuten edozein aztarnaren bila. Hala ere, ia ezinezkoa da horrelako ekintzak kontrolatzea.
Eraso suizidak Ipar Kaukasoko ekintzaileen estrategiaren parte dira 2000, urtetik, eta emakumeak 2003. urtetik batu dira eginkizun horretara.
Hamalau urtean militar errusiarrek Txetxeniako emakume asko bortxatu dituzte, eta hil dizkiete semeak, anaiak edota senarrak, eta horiei erantzunez errekrutatzen direla diote. Ez da errusiarrek emakumeei leporatzen dieten lehen ekintza suizida
Moskun egindako erasoak
1996ko azaroaren 10a. Mosku hiriburuko Kotliakovski hilerrian zartarazi zuten bonba bat ekintzaileek. Gutxienez hamahiru lagun hil eta 70 zauritu zituzten.1999ko irailaren 9a. 109 pertsona hil zituzten eraikin baten aurkako erasoan. Errusiako Gobernuko agintariek Ipar Kaukasoko muturreko talde musulmanei leporatu zizkieten hilketak.
1999ko irailaren 13a. Goizaldean, etxebizitza baten aurka egindako atentatuan, 124 lagun hil zituzten. Tartean hamahiru adingabe.
2002ko urriaren 23a. Txetxeniatik joandako talde armatu bateko hiriburuko Dubrovka antzokia hartu zuen, eta 700 lagun bahitu zituen. Hiru egun geroago Errusiako armada indarrez sartu zen eraikinera. 170 lagun hil ziren enfrentamenduetan, gehienak zibilak. Bahituak sakrifikatzea egotzi zioten giza eskubideen aldeko erakundeek Gobernuari.
2003ko uztailaren 5a. Musika jaialdi batean bi ekintzaile suizidek beren buruaz beste egin zuten. Emakumeak ziren biak. Atentatuan gutxienez hemezortzi pertsona hil, eta 40 inguru zauritu zituzten.
2003ko abenduaren 9a. Sei pertsona hil eta beste hainbeste zauritu zituzten hiriburuaren erdigunean egindako erasoan. Leherketa Legebiltzarretik 50 metro ingurura izan zen, Kremlin edo gobernuaren egoitzatik oso gertu.
2004ko otsailaren 6a. Gutxienez 42 pertsona hil eta 250 zauritu zirenMoskuko metroko bagoietako batean lehergailu bat zartarazi zutenean. Atentatua Peveletskaia geltokitik 300 bat metrora egin zuten.
2004ko abuztuaren 31. Rizhskaia metro geltokiaren sarreran egin zuten atentatua. Bederatzi lagun hil eta 51 zauritu zituzten. Al Islambuli Brigadak deitutako talde armatuak hartu zuen bere gain erasoa.
2006ko abuztuaren 21a. Moskuko merkataritza gune handienetako baten aurkako atentatua egin zuten. Gutxienez hamar pertsona hil eta dozenaka zauritu zituzten.