Mundua

Atentatuak eta tentsio handia Palestinan gaur ere

Hamaseko adar armatuak 11 lagun hil ditu bi erasotan; haien artean, Al Fatako auto batean atxilotuta zihoazen Hamaseko bost. Al Fatako kideek alderdi bereko ministroei "berehala" dimisioa aurkezteko eskatu diete. Israelek Hamaseko lau kide hil ditu Gazan bonbardaketan.

2007ko maiatzaren 16a
14:11
Entzun
Hamaseko adar armatu Azedin al Kassem Brigadek 11 lagun hil dituzte gaur Gazan, bi erasotan. Lehendabizi, Rashid Abu Shbak Palestinako Segurtasun Prebentiboko Zerbitzuko buruzagiaren egoitza erasotu dute, eta lau bizkartzain hil dituzte. Al Fatako kidea da Abu Shbak.

Ondoren, Al Fatako auto bat erasotu dute, eta barruan zihoazen zazpi lagunak hil dituzte. Haietako bost Hamasekoak ziren; hain zuzen, Al Fatak atxilotuta zihoazen autoan.

Polizia iturrien arabera, beste lau lagun ere hil dira gaur Palestinan, Al Fatako eta Hamaseko beso armatuen borroketan. Azkeneko 24 orduetan denera 29 lagun hil direla esan dute iturri berberek.

Palestinako batasun gobernuaren egoera oso ahula da. Al Fatako zenbait kidek alderdi bereko ministroei "berehala" dimisioa aurkezteko eskatu diete, "batasun nazionala gezurra delako".

Israelen bonbardaketa Gazan

Israelgo militar hegazkinek Gaza bonbardatu dute gaur, eta Hamaseko lau kide hil dituzte. Hauen entrenamendu gune batera bota dituzte bonbak, Rafah herrian. Erreskate taldeak lagun gehiagoren bila dabiltza, txikizioa handia izan dela esan dutelako.

Gaza inbaditzeko eskaera

Avigdor Lieberman Israelgo Gobernuaren Gai Estrategikoetako ministroa Gaza "inbaditzea" eskatu du, "Sderot herrian bizi diren 25.000 lagunek palestinarren erasoak direla-eta bizi duten egoera bukatzeko". Ehud Olmert Israelgo presidentea kritikatu du, "bai baitirudi ez dela gai bizilagun haiek defenditzeko erabaki bat hartzeko".

Israel Beiteinu alderdi ultranazionalistako buruzagia da Lieberman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.