ATF bulegoko funtzionario batek dimisioa aurkeztu du AEBetan

Arma trafikatzaileak atzemateko Mexikoko operazioaren porrotaren errua leporatu dio Ordezkarien Ganberak

Erredakzioa
2012ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
AEBetako ATF Alkoholaren, Tabakoaren eta Armen Bulegoko zuzendariordearen aholkulari William Hooverrek dimisioa eman du. Kongresuko kideek txosten batean 2009ko Fast and Furious (Azkar eta Bortitz) operazioaren porrota berari egotzi eta egun batzuetara aurkeztu du dimisioa Hooverrek. Orduan bera zen ATFko zuzendariordea.

2009. eta 2010. urteetan, ATF bulegoak 2.000 arma baino gehiago sartu zituen legez kanpo Mexikon Washingtonen aginduz, Felipe Calderonen gobernua jakitun izan gabe. Isileko operazio horren helburua armen hurbileko jarraipena eginez arma trafikatzaileak atzematea zen. Baina AEBetako agintariek armen arrastoa galdu zuten muga gurutzatu orduko, guztiak Mexikoko krimen antolatuaren esku geratu ziren eta zenbait delituak egiteko erabili ziren ondoren.

Porrotaren erantzule

Kongresuak Darrell Issa ordezkariaren eta Chuck Grassley senatariaren aginduz egin du txostena. Bertan, Hooverri eta ATFko beste lau funtzionariori egozten zaie Arizonatik Mexiko Hirira egiten zen arma trafikoa geratzeko operazioak porrot egin izanaren errua. Horretaz gain, «operazio bat estropezuz eta zuhurtziarik gabe martxan ezartzea» leporatzen zaie.

Ekainean, Ordezkarien Ganberak operazioari lotutako agiriak aurkezteko eskatu zion Eric Holder Justizia idazkariari, baina hark ezetz erantzun zuen. Ordezkarien Ganberan errepublikanoek dute gehiengoa, eta haiek «krimena ezkutatzea» leporatu diote Justizia idazkariari. Holderrek, bestalde, erantzun du badakiela operazioa gaizki irten zela eta ez dutela berriro egingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.