AEB-ak

Atlantakoa giza erailketa izan zela ondorioztatu du auzitegi medikuak

Ostiral gauean hil zuten tiroz Rayshard Brooks, 27 urteko afro-amerikarra. Atlantako poliziaburuak dimisioa eman du, eta kargugabetu egin dituzte Brooksen atxiloketan parte hartu zuten bi poliziak.

Protestak lehertu dira Atlantan, 27 urteko afro-amerikar bate hilketarengtik. JOHN AMIS, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko ekainaren 15a
09:50
Entzun

George Floyden hilketak piztutako sua oraindik itzali ez dela, beste afro-amerikar bat hil du Poliziak, oraingoan tiroz. Ostiral gauean gertatu zen, Atlanta hirian. Jatetxe batean hil zuten Brooks. Jatetxeko langile batek deitu zion Poliziari, gizona auto barruan lo geratu zelako eta ibilgailuak pasabidea oztopatzen zuelako. Polizia agertu zenean, autotik aterarazi eta alkoholemia proba egin zioten, eta positibo eman zuen. Segurtasun indarrek aurkeztutako txostenaren arabera, gizonak aurre egin zien, haietako batek zeraman taser pistola hartzen ahalegindu zen, eta orduan besteak tiro egin zion. Erietxean hil zen Brooks, odol gehiegi galduta.

Lekukoen esanetan eta inguruko segurtasun kameren irudietan, baina, lasterka ari dela tiro egiten diotela ageri da. Auzitegi medikuaren arabera, Brooksek bizkarrean zituen tiroak, eta, beraz, giza erailketa izan zen gertatutakoa. Fulton barrutiko fiskalak berak «gehiegizkotzat» jo du 27 urteko gizonari tiro egin izana. «Ez dirudi inorentzat arriskutsua zenik. Gertatutakoaren ondorioz gizon bat hil izana gehiegizkoa da», adierazi du.

Atlantako poliziaburuak, Erika Shieldsek, dimisioa eman du, eta Brooks tirokatu zuen polizia, Garrett Rolfe, kargugabetu egin dute, baita harekin batera atxiloketan parte hartu zuen beste polizia ere, baina behin-behinean. Fiskalak iragarri du asteazkenean jakinaraziko dutela zer kargu aurkeztuko dituzten Rolferen kontra.

Dimisioak Polizian

Floyden hilketak eragindako protestak ez dira eten, eta horien aurrean «bakarrik» utzi dituztela salatu dute poliziek. Dagoeneko zazpik eman dute dimisioa, eta, iturri ofizialek aurreratu dutenez, beste zazpik ere eskatua dute kargua uztea. Komunikabideek zabaldu dutenez, segurtasun indarrak kexu dira Jacob Frey alkateak polizia etxea uzteko agindu zielako protesten lehen egunetan, manifestariek eraikina inguratu zutenean. Manifestariek su eman zioten erakinari poliziak joan zirenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.