Mundua

Atxilotu egin dute iragan astean Marokon indultua jaso zuen pederasta, Murtzian

Hura atxilotzeko nazioarteko agindua emana zegoen, eta gaur atxilotu du Espainiako Poliziak. Indultua eman osteko protestak tarteko, Mohamed VI.ak atzera bota du indultua, argudiatuz ez zekiela zer delitugatik zegoen espetxeratuta, baina asteazkenean zeharkatua zuen Maroko eta Espainiaren arteko muga.

2013ko abuztuaren 5a
19:17
Entzun

Hura atxilotzeko nazioarteko agindua tarteko, Espainiako Poliziak atxilotu egin du iragan astean indultua jaso zuen pederasta, Murtzian, eta Auzitegi Nazionalaren esku jarriko dute. Efek jakinarazi duenez, bihar Espainiako eta Marokoko Justizia ministroak elkartuko dira, pederastaren auzian zer egin erabakitzeko. 

Iragan astean indultua ematea erabaki ostean izandako protestak medio, Mohamed VI.a erregeak atzera bota du indultua, baina asteazkenean zeharkatu zuen Maroko eta Espainiaren arteko muga, eta litekeena da orain 28 urteko espetxe zigorra Espainian bete behar izatea. Izatez, irakiarra da, baina Espainiako informazio zerbitzuentzat lan egin ondoren jaso zuen Espainiako herritartasuna, eta ondorioz, Espainiak ezin du estraditatu.

Mohamed VI.ak bart hartu du erabakia, azken egunetan Marokon izan diren protesten ondoren. Gertatutakoa ikertzeko eskatu omen du erregeak, indultatu zuen presoa zergatik zegoen espetxean ez omen zekielako. Orain, baina, delituen larritasuna aintzat hartuta erabaki du atzera egitea. Ikusteko dago neurri horrek azken egunetan izan diren protestak apaltzen dituen, jada kexu agertu direlako zenbait Marokon erregeak barkamena eskatu ez duelako.

Pedofilo espainiarrak 30 urteko espetxe zigorra jaso zuen, 2 eta 14 urte bitarteko 11 haurrei sexu gehigikeriak egiteagatik. Uztailaren 30ean beste 47 presorekin batera jaso zuen indultua Espainiako errege Juan Carlos I.ak eskatuta, gehienak droga trafikatzeagatik espetxeratuak.

El País egunkariak dio indultua bertan behera uzteko erabakia Espainiarekin batera hartu duela Mohamed VI.ak. Egunkari horrek dioenez, Espainiako agintariak kezkatuta zeuden, eta beldur ziren Marokok indultuaren ardura Espainiaren gainean soilik utziko zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.