Israelgo Armadak erabat inguratuta dauka Jeriko hiriko espetxea. Amore eman ezean tiro egiteko mehatxua egin diete Israelgo Armadako soldaduek presoei. Une honetan, antza, preso gehiago espetxetik irten eta amore ematen ari dira. Hainbat hedabide arabiarrek diotenez Ahmed Saadat ere harrapatu dute israeldarrek. Era berean, PAHF Palestinaren Askapenerako Herri Fronteko kideek, tartean Ahmed Saadat buruzagiak, amore eman dutela jakinarazi du Isralego irrati publikoak.
Israelgo Gobernuak, Ahmed Saadat PAFHko buruzagia eta talde bereko beste bost preso bere esku izan nahi ditu, eta hori lortzeko, Jerikoko espetxea indarrez hartu du. 2001ean Rajabam Zeevi Israelgo Turismo ministroaren hilketa antolatu izana egozten diote Saadati; hain zuzen ere, PAN Palestinako Aginte Nazionalak delitu horrengatik sartu zuen kartzelan 2002an.
Jerikoko espetxea PANen eskumenekoa da, baina AEBetako eta Erresuma Batuko militarrek zeukaten zaintzaren ardura. Gaur goizean goiz, ordea, AEBetako eta Erresuma Batuko zaintzaileek alde egin dute kartzelatik, beren segurtasuna arriskuan zegoela argudiatuta.
Gutxienez bi palestinar hil dituzte: polizia bat eta preso bat
Israelgo Armadak hori baliatu du espetxea setiatu eta indarrez hartzeko. Lehendabizi inguratu egin dute, eta megafonia bidez Saadati eta PAFHko beste bost presori beren burua entregatzeko agindu diete. Ezezkoa izan da erantzuna. Ondoren, tiroketak izan dira Israelgo soldaduen eta polizia palestinarren artean, eta gutxienez bi palestinar hil dituzte, polizia bat eta preso bat.
Nazioarteko albiste agentziak zabaltzen ari diren azken berrien arabera, PAFHko presoek beren jarrerari eusten diote, eta gero eta bortitzago ari dira Israelgo soldaduak kartzelaren aurka: tankeak, hondeatzeko makinak eta helikopteroak erabiltzen ari dira erasorako, eta misil bat ere jaurti dute.
Palestinarrek haserre handiz hartu dute Israelgo Armadaren erasoa, eta Jerikon ez ezik, Gazan ere manifestazioak eta erasoak gertatzen ari dira. Gainera, protesta eta erasoak ez dira soilik Israelen aurkakoak, baizik eta AEBen eta Erresuma Batuaren kontra ere egin dituzte. Hala, Gazan Erresuma Batuaren kultur zentro bati eraso diote, eta baita EB Europako Batasunaren bulego bait ere. Era berean, Gurutze Gorriaren Gazako zuzendaria bahitu dute, Al Aksako Martirien Brigadetako kideek AEBetako eta Erresuma Batuko herritar guztiei Palestinatik alde egiteko eskatu die eta gainerakoan jomuga direla ohartarazi.
Mahmoud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak ere AEBei eta Erresuma Batuari egotzi die gertatutakoaren ardura. Jerikoko espetxea zaintzea beren ardura zela nabarmendu du, eta haien utzikeriaren ondorioz hartu duela kartzela indarrez Israelek.
Ekialde Hurbila
Atxilotu nahi zituzten presoek amore eman ostean, amaitu da Israelgo Armadaren erasoa
Israelgo Armadaren azken ekintzak liskar giroa bizitu du berriro Palestinako lurretan: Jerikoko (Zisjordania) espetxea —PAN Palestinako Aginte Nazionalarena da— indarrez hartu du, eta han preso dauden PAFH Palestinaren Askapenerako Herri Fronteko sei kideri beren burua entregatzeko agindu die. Ezezkoan egon dira PAHFko presoak, eta, ondorioz, eraso gogorra burutu dute soldadu israeldarrak kartzelaren aurka. Israelgo irrati publikoak zabaldutako datuen arabera PAHFko kideek era baketsuean amore eman dute. Palestinarrek haserre erantzun dute, Jerikon ez ezik, baita Gazan ere. Gainera, haserrea ez dute israeldarren aurka soilik bideratu, baizik eta espetxea zaintzeko ardura duten AEBen eta Erresuma Batuaren egoitzak ere ari dira erasotzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu